Adimen artifiziala

Erabiltzailearen aurpegia t: Miren Basaras, Mikrobiologian doktorea 2023ko uzt. 6a, 12:21

Adimen artifiziala bada azken hilabeteotako gai  bilatuenetariko bat. Hori zer den ulertzeko, adimen hitza eta artifiziala hitza banan-banan aztertu beharko genituzke. Giza adimena hainbat aldetatik aztertu daiteke: adimen artistikoa, espaziala, logikoa, musikala, eta abar. Baina guztietan jasotako esperientziatik egoera berrietara egokitzeko eta arazoak konpontzeko ahalmena ahalbidetzen du. Artifiziala hitza aztertuz, naturala ez dena izango litzateke, edo gizakiak egindako zerbait ere bai.

Adimen artifiziala, beraz, gizakiok berezkoak ditugun jokabide arrazionalak makinei ahalbidetzea izango litzateke, beraien arrakasta handituz. Horrela, adimen artifizialak giza adimena berdinduz gain, berau gainditu ere nahi du.

Hainbat esparrutan erabiltzen ari da adimen artifiziala. Osasunean, esate baterako, diagnostikoak azkarragoak eta zehatzagoak lortzeko bultzatu nahi da; azken finean, gaixotasun baten bilakaera hobeto ulertu ahal izateko. Beste erabilera bat botika berrien aurkikuntza da. Badakigu hainbat bakterio multirresistenteak direla, hau da, gaur egun ditugun botikek ez dute lortzen bakterio horiek kontrolatzea, eta, beraz, gaixotasuna aurrera doa heriotzaraino. Adimen artifizialari esker hainbat saiakera egiten ari dira, eta lehen aldiz lortu da makinak milaka osagai ezberdin aztertu ondoren, horrelako bakterio bat suntsitzeko baliagarriak izan daitezkeen banakak antzematea. Dena den, orain entsegu klinikoak egin behar dira hori baieztatzeko; gizakiaren adimena behar da.

Hezkuntzan ere adimen artifiziala erabiltzen hasi da eta horri lortua dago ChatGPT deiturikoa. Horrek egin dezakeena da elkarrizketa batean parte hartzen duen pertsona bat imitatzea, eta guk galdera batzuk eginda testuak erraz sortu ahal ditu. Kezka dago ikasleak beren lanak egiteko tresna hau zuzenean erabiltzean pentsamendu kritikoa eta arrazoibidea galduz joango ote diren. Era berean, lanbide batzuk  arriskuan egon litezke makinak gai badira lan horiek egiteko, eta aditu askok diote hori guztia arautu behar dela. Izatez, Europan jadanik hasi dira adimen artifiziala arautzen.

Dudarik gabe, adimen artifizialak gero eta hobeto imitatzen gaitu, baina oraingoz beste laguntzaile bat dela esan daiteke, eta gizakiok bertan egon behar dugu haren garapena behatzen.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).