Bozketa digitala

Uztailaren 11n, hauteskunde egunaren bezperan, Eusko Jaurlaritzak berretsi zuen gaixotasunaren ondorioz “mugikortasuna mugatua” zuten herritarrak ezin izango zirela hauteslekuetara joan[1]. Eta ez hori bakarrik: bozkatzera joanez gero, “osasun publikoaren kontrako delitua” egingo zutela ohartarazi zien. Polemika normala da. Azken finean, zeini eman pisu handiagoa: bozkatzeko eskubideari ala denon osasuna zaintzeko neurriei?  Bai, badakit polemika aurretik zetorrela, baina, orri hau teknologiari dagokionez, politika kontuak beste orri batzuetarako utziko ditugu, ados?

[1] «Osasun publikoaren aurkako delitua» izango da gaixorik bozkatzea, Edurne Begiristain, berria.eus, 2020/07/12

Pakopediaren[1] egilearen artikulu batek[2] bultzatu nau gogoeta egitera: bozketa-sistema presentziala beharrezkoa da Internet bidezko erosketa eta transferentzien garaian? Txanpon elektronikoen, zibersegurtasun zentroen, blockchain edo gailu adimenduen garaian?

Estoniak 1997an hasi zuen gizarte digitalarentzako e-governance programa[3]. Ezkontzak, dibortzioak eta ondasun higiezinen transakzioak izan ezik (bitxia da hiru hauek izatea), egun gobernuari lotutako ia izapide guztiak era digitalean egin daitezke. 2005ean, eta munduan lehenengo aldiz, I-Voting Internet bidezko sistema erabili zuten estatuko hauteskundeak egiteko, eta 2007an, parlamentuko hauteskundeetarako.

Funtzionamendua ez da konplexua. “Aurre-bozketa” denbora-tarte batez, hautesleak NAN elektronikoaren baliokide baten bidez sistemara sar daitezke eta bozkatzeko aukera dute. Behin hori eginda, pertsonaren identitatea boto digital horretatik kentzen da eta Hauteskunde Batzorde Nazionalera bidaltzen da anonimotasuna bermatuz.  Sistemak informazioa zifratu egiten du, hirugarren batek informazioa hartu edo aldatzea ekiditeko. Segurtasuna, pribatutasuna, eta informazioa osorik bermatzen dira[4].

 

Bozkatzeko eskubidea

Nolanahi ere, urrutiko edozein bozketaren harira, ohiko postaren bidezkoa barne, kezkak sortzen dira botoak behartu edo erosteko aukera dagoelako. Azken finean, botoa etxetik edo nahi duzun lekutik eman daiteke, konfiantzakoak diren edo ez diren pertsonekin. Ohiko hauteslekuetan moduan, botoa ez da leku “babestu” batean ematen, hauteskunde-mahaiko kideen eta beste hautesle batzuen aurrean. Estoniaren irtenbidea da saioa hasi eta aurre-bozketan nahi adina aldiz bozkatzea. Boto bakoitzak aurrekoa baliogabetzen duenez, boto-emaileak beti izango du botoa geroago aldatzeko aukera. Erosleak edo botoa behartzen saiatu denak, bestalde, zaila izango du azken botoa zein izan den jakitea: ezin izango du erosketa edo hertsapena ondo atera den bermatu eta, hortaz, ez dio mereziko.

 

1998tik, Euskadik boto elektronikoaren arloko hauteskunde-legeria dauka[5], baina horrek ez du orain arte garapen handirik izan. Egia da ordutik hona teknologiak asko aldatu direla eta, beraz, araudi berria beharko litzatekeela. Sistema hauen inguruko kezkak daudela[6] ere egia da, baina zeren zain gaude?

Pandemia dela-eta hainbat pertsonak ezin izan dute bozkatu, eta askotan atzerritik bozkatzeko arazoak egon dira. Horrelako sistema bati esker aurrerapauso handia egingo genuke denon bozkatzeko eskubidea bermatzeko. Gainera, kontuan izan zer gertatu den: atzerriko botoak zenbatu aurretik, Bizkaian 100 boto baino gutxiagoko aldea egon da azken aulkia hartzeko, eta lurralde horretan guztira 7.967 ziren positiboak hauteskunde egunean[7]. Atera kontu.

 

[1] https://pacopedia.wordpress.com/

[2] Blockchain, elecciones y COVID-19:Votekkeper, Francisco Luis Benítez, 2020/07/11

[3] https://e-estonia.com/solutions/e-governance/i-voting/

[4] Egia esateko, zifratze-kontuak ezin dira inoiz % 100ean bermatu, baina ondo egiten direnean ohiko sistemak baino askoz seguruagoak dira.

[5] https://www.euskadi.eus/web01-a2haukon/eu/contenidos/informacion/w_be_eusk_ant/eu_def/index.shtml

[6] Why blockchain-based voting could threaten democracy, Lycas Mearian, computerworld, 2019/08/12 https://www.computerworld.com/article/3430697/why-blockchain-could-be-a-threat-to-democracy.html

[7] KORONABIRUSAREN EGOERA EPIDEMILOGIKOA EUSKADIN (COVID-19) 2020/07/11 https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/boletin_coronavirus/es_def/adjuntos/11_julio_Boletin.pdf

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).