Bizargin zirujauak

Aikor aldizkaria 2015ko ots. 9a, 17:52
Testua eta argazkia: Sabin Arana
Erdi Arotik aurrera bizargin-lanbidea oso ezaguna izan da herri guztietan. Zirujau-lana ere egiten zuten, hau da, bizarra eta ilea mozteaz gainera, izainak erabilita edo zainak ebakiz odola ateratzen zuten, zauriak josi eta osatu egiten zituzten, eta haginak ateratzen zituzten. Garai batean beren lanbidea medikuarena baino preziatuagoa izan zen, hurbilagoa zen iritzia zegoelako, beharbada. Antzeko lana egiten zuten herri guztietan, baina guk azalduko dugu hura urteetan zehar Larrabetzuko Urian nolakoa izan zen. Udalak urtero egiten zuen tratua barberuarekin edo bizarginarekin, 1784. urteko dokumentu batean jaso den moduan: “Thomas de Kafranga zirujauak adierazi du bere ogibidean aritzeko betebeharra onartzen duela, San Bartolome egunetik hurrengo urteko egun berbera arte. Era berean, ohi bezala, bizarra egingo die herriko gizon guztiei, eta beharrezkoa izanez gero, laguntzaile bat ekarriko du horretarako. Uri eta elizateko etxe guztietara hamabost egunik behin joango da eta odol-ateratze bakoitzeko erreal bi kobratuko ditu, erreal bat, bisita bakoitzeko. Behartsuei eta ospitalekoei doan emango die zerbitzua”. Uriak 400 errealeko soldata ematen zion urtean, eta bere zerbitzua eskatzen zuenak aurreko lerroetan esandako diru-kopuruak ordaindu behar zituen, zerbitzuaren arabera. Bizargin-lanbidea eta zirujau-lanbidea aspaldian bereizi ziren eta, guk ezagutu dugun bezala, azkenaldian baserritarrak gehienbat astero etortzen ziren barberuarenera, bizarra egitera; edo epe luzeagoan, hilea moztera. Argi dago gaur egungo ile-apaindegiek lanbidea nolabait aldatu egin dutela, baina ez dugu ahaztu behar barberuak baserritarren azal zimurtua edertzen saiatu zirela, ez baitzen batere erraza matrail edo kokote zimurtuetan bizarra eta ilea moztea. Horregatik hona hemen omenaldi eta gogorapen txiki hau. Timoteo Goiko argazkian guztiontzat ezaguna den Timoteo Mendiguren larrabetzuarra dago, urteetan bizargin aritu dena bere ile-apaindegian. Nor ez da gure garaian bere eskuetatik pasatu! Ipintzen zigun kolonia ere badugu gogoan. Erretiratzen denean, badirudi inork ez duela bere lekukoa hartuko. Baina ezin dugu ahaztu Timoteo antzinako barberu famatuen ondorengoa dela. Beraz jarrai dezala, nahiz eta batzuek ilerik eza dela-eta ogibidearen beharrik ez dugun.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).