Garbiñe Biurrun, epailea: “Geureak dira eskubideak eta erabakiak; beraz, etorkizuna ere geurea da”

Argazkiak: Idoia Andrés 2017ko urt. 30a, 12:10

Ebatzi-Larrabetzuko Gure Esku Dago ekimena martxan dago. Urtarrilaren 13an “Herri galdeketa: Erabakitze eskubidearen gauzatzea” hitzaldia antolatu zuen eta bertan, besteak beste, Garbiñe Biurrun epailea aritu zen. Aukera ezin hobea, Gure Esku Dago ekimenari eta justiziari buruz hitz egiteko. Argazkiak: Idoia Andrés.

Zelan Larrabetzuko hitzaldian?

Ez nuke esango hitzaldi bat izan zenik: norberak bere sentimenduak plazaratu zituen eta denon artean mosaiko interesgarria osatu genuen. Oso gustura egon nintzen, mahai­kideak –Koldo Saratxaga eta Mario Zubiaga– lagunak ditudalako. Bestalde, espero nuen baino jende gehiago bildu zen ekitaldian. Parte-hartzailea eta gogotsua iruditu zitzaidan, iritzi garbia duena.

Zein momentutan dago Gure Esku Dago ekimena?

Mobilizaziorik eza dago. Gizartearen zati handi bat ez dago kontzientziatuta edo ez dator Gure Esku Dago ekimenaren planteamenduarekin bat. Gure Esku Dagok eskaintzen eta eskatzen duena oso zorrotza da: hausnarketa bat, gure askatasunaz baliatuz, gauzak aldatzeko. Eta askatasuna erabiltzea ez da batere erraza; askoz ere erosoagoa da beste batzuek erabakitzen dutena onartzea, gehiegi kezkatu gabe.

Herritarrek benetako aldaketa eragiteko gaitasuna dugu? Edo hori politikariek sustatu beharko lukete?

Gure esku dago erabakitzeko dagoen guztia. Eskubideak gureak dira, ez beste inorenak. Eta erabakiak ere bai, nahiz eta, behin behinekoz, beste batzuen eskuetan utzi ditugun. Baina berreskuratu behar dugu erabakitzeko eskubidea. Geureak dira eskubideak eta erabakiak; beraz, baita etorkizuna ere. Politikariek gure zerbitzura daude eta gure ordez aritu beharko lukete, baina geuk esandako bidetik, ez euren kabuz.

Baikorra zara Gure Esku Dago ekimenaren etorkizunari begira?

Nire baikortasuna jendearengan dago eta Gure Esku Dago ekimenaren azken helburua jendea da, hain zuzen ere, pertsona oro ahalduntzea, gai eta arlo guztietan.

Prozesu honetan, Katalunia izpilua ala bidelaguna?

Kataluniako prozesua bi era horietan hartu beharko genuke: gizartearen mobilizazioaren eta alderdi politikoen rolaren aldetik ispilua izango litzateke, oso garbi dagoelako nork agindu duen martxa horretan. Bestalde, beren prozesuak eta gureak aurrera egin ahal izateko, argi dago bidelagunak izan behar dugula.

Hitz egin dezagun justiziari buruz. Zelan ikusten du gizarteak gaur egun dugun justizia? Jendeak justizia zilegia dela uste du?

Jendeak justiziarekiko iritzi desberdinak ditu. Alde batetik, justiziaren zilegitasuna zalantzan jartzen da, batez ere justizia ez zaielako berdin aplikatzen pertsona guztiei eta independentea ez delako eta hori, Euskal Herrian, bereziki azpimarratu behar da. Bestalde, justizia administrazioak, zerbitzu publikoa izanik, eraginkorra izan behar du. Eta arlo horretan, beste zerbitzu publikoek dituzten arazoak ere baditu: bitartekoen eskasia, murrizketak... Eta horiek eragina zuzena dute jendearengan.

Argi dago justizia ez dela erabat independientea, besteak beste epaileen nagusiak politikariek aukeratzen dituztelako. Sistema ona da? Aldatu beharko litzateke? Aldatu ahal da?

Oso hausnarketa sakona behar da galdera horiei erantzuteko. Ez da erraza. Justiziak guztiz independentea izan behar du, giza eskubideat delako. Justiziaren independentzia beste aginteekiko aldarrikatzen da, hau da, exekutiborako eta legegilerako, baina, gaur egun, ideia hori zabaldu beharko litzateke, denok dakigunez, hautatzen ez ditugun beste botere batzuek ere agintzen dutelako eta, arlo batzuetan, geuk hautatuak baino gehiago.

Zergatik ez da batere ohikoa epaile bat komunikabideetan ateratzea? Gizartetik egon beharko liratekeen baino urrunago daude?

Gizartetik gertu egoteko ez da komunikabideetan atera behar. Baina, orokorrean, jarrera bat da. Justizia oraindik mundu iluna da gizartearentzat; erabiltzen den hizkuntza zaila… Hala ere, azken lauzpabost urteotan panorama triste hori aldatzen ari da, epaileok gizartetik inoiz baino gertuago egon garelako eta gizartearen beharrak eta kezkak kontuan hartu eta era desberdinean ebatzi ditugulako. Esate baterako, etxegabetze edo lan erreformari buruzko jarrera azpimarratuko nuke. Bestalde, nik uste dut hartzen ditugun hainbat erabaki publikoki argitu beharko genituzkeela, gizarteak benetan ondo uler ditzan.

 

 

 

Epaile aurrerakoia

Garbiñe Biurrun Mancisidor (Tolosa, 1960) epailea da. 2009an Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko lan arloko salaren presidente izendatu zuten. Gainera, tolosarra Jueces para la Democracia elkartearen kidea da. Bere lanari dagokionez, Garbiñe Espainiako Konstituzioa euskarara itzultzeko lan-taldean ibili da, baita Lan Arloko Prozeduraren Legea euskaratzen ere. Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea ere bada.

Garbiñek inplikazio handia erakutsi du beti gizarte mailan. Garai batean, Euskadiko Ezkerra alderdiaren eta Comisiones Obreras sindikatuaren kidea izan zen, eta gaur egun Gesto por la Paz, Lokarri edo Amnistía Internacional elkarteen partaidea da. Gure Esku Dago ekimenaren kidea ere bada. Azken bolada honetan, ezagunago egin da kolaborazioak egin dituelako komunikabideetan. Bere jarrera nahiko aurrerakoia izaten da.

2014an Euskal Herriko Bake Prozesua Sustatzeko Batzordean aritu zen, ETA erakundeak armak alde batera arinago uzteko. Hala ere, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bertan parte-hartzea debekatu zion. “Euskal Herriko panorama politikoa askoz ere argitsuagoa da gaur egun orain urte batzuk baino. Hala ere, iruditzen zait oraindik gizarteak egoera berri honetara egokitu behar duela. Orain arazo gehiagoz arduratzeko aukera daukagu eta hori ez da inolaz ere erosoa”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).