Historia lurretik berbizten danean

Aikor aldizkaria 2017ko ots. 28a, 11:25

a: Iskander Barrena Zubiaur eta Karraderan alkartea

2016ko urtarrilaren 16an, Euskal Prospekzio Taldeko teknikari bik Urkulumendin prospekzino-lanak egiten ari ziralarik, 1937ko gudari baten gorpua topau eben, Eusko Jaurlaritzako burdinezko belarria, txapa eta Mauser fusilaren kartutxo bigaz. Urtebete geroago, gorpua atarateko lanak egin ziran 2017ko otsailaren 4an, eta ikerketa lanei esker gorpua identifikatea lortu da. Momentu batez 80 urte atzera bota doguz, guda garaiko Larrabetzura.

1937ko ekainaren 11. Nazionalek Burdinezko Gerrikoa deuseztatzeko aurretiko erasoak egiten ari dira Atxa kotan, Urkulumendiko zonaldean. Urkulumendiko tontorrean Prieto eta UGT 2 batailoiak dagoz. Eguneko lehen orduetan eraso bi izan dira: lehena iparraldetik etorri da, oharkabekoa, desnibela dala-ta. Bigarrena, Bizkargitik heldu da. Hasikeran, Nafarroko I Brigadako tropa matxinaduak, Amerika Batailoia izena daukienak, 368. kota hartu dabe, bertan egoan UGT 4 posizinotik kenduz.

Bitartean, UGT 2 batailoiak aurez aurreko erasoari 8 orduz eutsi deutso, Urkulumendi tontorrean. Erasoan Tercio Montejurra, Falangeko 2º Bandera eta Nafarroako I Brigadek hartu dabe parte. Guztira 115 hildako izan dira. Arerioek 200 hildako eta 50 atxilotu hartu dabez. Guzti hori gertatzen zan momentuan, Gaztelumendiko Gerrikoko posizinoek eta Lezama-Larrabetzuko bideak hegazkin eta artileriaren erasoak jasaten ari ziran. Egun batzuk lehenago, gudariek fusilen tiroakaz August Wilmsen pilotu alemaniarraren Heinkel 123 bonbaketaria lurrera bota eben. Pilotu frankistari eginiko omenaldiaren plaka Larrabetzutik eta Goikolexearako bidebazterrean topatu leiteke.

Gaua zan kontraerasoari ekiteko momenturik aproposena, momentu horretan hegazkinek ez ebelako erasorik egiten. Hori dala-ta, Urkulumendiko posiziroa barriro hartuteko saiakerea egin zan Carmelo Domenech-en XII. Euskal Brigadaren aldetik. Bertan, Abellaneda (PNV), Celta (CNT) eta Sacco Wanzetti (CNT) batailoiak izan ziran. Horreek, ganera, Domenech-ek II Asturiar Brigadaren laguntza izan eben. Saco Wanzetti batailoiak eskuinetik eraso egin arren, ezinezkoa izan zan arerioaren posizinoa hartutea, guztiz armatuta egoalako. Erdigunetik, Abellaneda gailurrera heldu zan, baina hildako kopuru izugarriak zirala-ta, erretirau behar izan zan. Asturiarrek ezkerraldetik eraso eben, baina ezin izan eben menperatu.

Guda-zelaian sarraskiaren lekukoa izan zan Gómez Aparicio kazetaria: “...Barriro Urkulu. Gailurrak milizianoez beterik dagoz. Euren bizia emon deutsie abentura zoro honi. Landa armaz beteta dago eta gailurrean sei metrailadore ikusi dodaz”, horrelaxe definitu eban kazetariak bertan bizi izandako egoerea. “Pinudi berdeen sakanean gorpu piloa uzteltzen egoan. Guztira 200 hildako zenbatu ziran eraso hartan”.

80 urte geroago, 2016ko urtarrilaren 16an, Euskal Prospekzio taldeko Alberto J. Sampedro teknikariak eta Sergio Mondina Núñez detektoristak gizon baten gorpukia topatu eben, errutina-lanak egiten ari ziran bitartean. Ez da lehen aldia Euskal Prospekzio taldeak errutina lanetan era honetako aurkikuntzak egiten dauezala. Kasu horreetan, protokolo berezia dabe: aurkikuntza egin ostean, lokalizazinoa, finkapena, objektuen batze-lanak (inoz hazurrak, hori forentseari jagoko-ta) eta zonaldea bera babestea. Ondoren, aurkikuntzaren aurretiko txostena idazten da.

Jarraian, Aranzadi zientzia elkartearekin kontaktuan jartzen dira. Aranzadi elkarteak zonaldea erregistratzeko eskaera egiten dau, ahal bezain pronto gorpua lurpetik atera eta identifikatzeko. Ganera, hildako gehiago topatu leitekez inguruetan.

 

Historiarentzat bizi

Euskal Prospekzio aldeak Gerra Zibileko ikerketan, katalogazioan eta dibulgazioan lan egiten dau. Partehartze aktiboa dauka gerrako burrukalari galduen lokalizazinoan eta identifikazinoan, Euskal Herri osoan zehar, Bizkaian bereziki. Ganera, trintxera eta bunkerren posizino eta defentsa elementuen katalogazinoa landuten dabe. Dagoaneko, Lemoa, Otxandio eta Zornotzako Udalekin eta hainbat alkarteekin alkarlanean aritu dira eta Berangoko Burdinezko Gerrikoaren Museo Memorialean eta Elgetako Interpretazio zentroan be aritu dira.

Gaur egun, Gerra zibilaren 80. urteurrena ospatuteko, Udal eta alkarteei zuzenduriko erakusketea ibiltaria prestaten ari dira Euskal Prospekziokoek. Erakusketa horreek gerrako materialak daukiez: armak, bombak, uniformeak, balak, identifikazio plakak… ikusiko diran hainbat objektu alkarteak berak eskuz erabarrituak izan dira.

“Hilobien eta guda garaian desagertutako pertsonen lokalizazinoan edonori laguntzeko prest gagoz”, adierazi dabe historiarentzat lan egiten duben bolondresek.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).