Sorpresaz beteriko bizitza

Aikor aldizkaria 2017ko api. 26a, 11:27

Jokin Serra, suhiltzailea

Argazkiko gizona Jokin Serra da, suhiltzailea. Berrogeita hemeretzi urte ditu, Larrabetzun bizi da eta Bizkaia osoko segurtasunaren arduraduna da, guardia egunetan. Leioa­ko Artatzako suhiltzaileen Parkean egiten du lan. Su­hil­tzaile eta kabo bezala hamaika gertakaritan izan ostean, gaur egun bertako inspektoreordea da. Bere betebeharra Bizkaia osoko suhiltzaileak antolatu eta Bizkaia su­garretatik urrun mantentzea da.

Bulegoko uniformez jantzita, Artatza parkeko ateak ireki dizkigu Jokinek. Ho­geita hamairu urte eman ditu suak amatatzen eta arazoak ebazten. Gezurra badirudi ere, ha­siera batean elektrikari-laguntzailea izan zen, alarmak ezartzen zituen enpresa batean, eta bizitzak 180 graduko itzulia eman zion egun batetik bestera. Ar­gi­ketari la­nak egin baino lehen, ume txikia izanik, suarekin lehen kontaktua izan zuen, bere etxean sute bat eginez. “Amen batean suhiltzaileak etorri ziren. Ikaraga­rria izan zen. Mundu hark aho bete hortz utzi ninduen. Heroiak ziren”, azaldu du Leioako bulegoan. Mo­mentu hartan etxeko mehatxuak labur geratu zitzaizkio eta Bizkaia zaintzeari eskaini dio bizitza.

Elektrikari lanetan egonda, langabezian geratu zen, eta lagun batek suhiltzaile izateko oposaketak egitera animatu zuen. “1982an Bilboko eta Foru Al­dundi­ko oposaketak egin eta biak gainditu ni­tuen. Diputazioko plaza aukeratu nuen”. Horre­la, 1983ko azaroan Galda­kaon hasi zen la­nean (gaur egun Basau­rin dago ba­sea). Hemeretzi urte eman zituen la­nean, eta ka­bo postura aurkeztu zuen bere burua. Hamar urte eman zituen kabo bezala Derioko suhiltzaileen parkean. Azkenean, Hiruga­rren Zonaldeko postua eskuratu zuen Leioan, inspektoreorde bezala.

Bizkaian 400 suhiltzaile inguru dau­de, eta parke handiak Urioste, Artatza, Ba­sauri eta Iurretakoak dira. Artatzan 60 per­tsonak egiten dute lan (58 gizonezko eta emakume bi), eta suhiltzaileen lantaldea bederatzi pertsonak osatzen dute: Ka­bo batek eta zortzi suhiltzailek. Ins­pektoreorde eta suhiltzaileen arteko ha­rremana lan harremana baino askoz ge­hiago da: “Zorte izugarria izan dut bizitza osoan: Derioko parkeko lankideekin ha­rreman oso ona neukan, eta Leioakoe­kin gauza bera esan dezaket”, adierazi du larrabetzuarrak.

Artatzako zonaldeak Fenix 3 izena dauka irrati jargoian: “Fenixa errautsetatik irteten den hegaztia da, beti bizirik”, azaldu du inspektoreordeak. Lanbide honetan denetarik ikusi dute suhiltzaileek: istripuak, animalien erreskateak, uholdeak… Elkarrizketaren momentuan isiltasuna nagusi da bulegoan. Ordenagailuko bentiladorearen zarata baino ez da en­tzuten. “Edozer gauza gertatu daiteke edo­zein momentutan”. Hala, da, sirena za­rataka hasten bada, bertan behera utzi beharko genuke dena. Erne ibili be­har dira suhiltzaileak eguneko 24 orduetan, sorpresen zain.

 

Iraganeko mamuak

Suhiltzaile lanpostuaren alde guztiak ezagutu ditu Jokinek. Mailarik ba­xuena suhiltzailea izatean datza, eta hurrengoak kaboa, sargentoa, inspek­to­re­ordea eta ofizialak dira. Jokin gertakarietan eta bu­legoko lanetan izan da, suak itzaltzen eta suhiltzaileen lanak antolatzen. “Zen­bat eta ardura gehiago, orduan eta hobeto ikusten dira gauzak kanpotik”, adierazi du. Esperientzia gutxi zueneko garaiek oroitzapen politak eta nostalgia dakarzkio. “Behin baino gehiagotan bizitza arriskuan jarri dut, eta se­kulakoetan izan naiz, suteen bihotzean”.

Denboran atzera eginez, sekula ahaztuko ez dituen gertaerak burura datozkio Jokini: “Galdakaon nengoela, istripu batean zauritu bat atera izan nuen ibilgailutik, eta anbulantziarako bidean eskuartean hil egin zitzaidan”. Era horietako irudiek gogor astintzen dute suhiltzailearen me­moria. “Kontzentrazioa gakoa da gure lan­bidean, eta nahiz eta egoera desatseginak izan, aurrera egiteko prestatzen gai­tuzte, lana ahalik eta era egokienean egiten. Elkar babesten dugu”.

Guardia eta bitartekaritza egunak dauzka Jokinek. Guardia egunak 24 ordukoak dira, eta basean bizi behar da, zentzu literalean. Horretarako daude guardia buruak. “Diputazioko langileen ordu ko­puru berbera daukagu eta guardien arabera egun batzuk dagozkigu. Hala ere, pri­bilegio askori uko egin behar diegu: Igandeak, Aste Santua, jaiegunak...”. Exi­gentzia eta antolaketa handia eskatzen duen erantzukizun handiko lana da. Ho­rrela, guardia egun arruntetan errutinak dauzkate: materialen prestaketa eta errebisioak egiten dira lehen orduetan. On­doren ibilgailuekin maniobrak egiten dituzte: gaurko kasuan, eskala kamioia atera eta teilatuko sute-simulazioa egin dute. Arratsaldeetan prebentzio eta mantentze-lanak egiten dituzte.

Horrez gain, gimnasioa eta pilotalekua dago Leioako parkean: “Sasoian egoten saiatzen gara, azken batean lanak horrela eskatzen duelako. Horretarako monitore batzuk dauzkagu”. Gainera, zerbitzuak azterketa fisikoak egiten ditu, bi urtetik behin 50 urte arte, eta urtean behin 50 urte gorakoentzat.

Bitartekaritza lanen egunetan logistika-lanak egin ohi dira: materialak lortzea, koordinazioa bestelako parkeekin, istripuetako autoak simulatzen dituzten ibilgailuen eskaerak (autoak desegiten dituzten tokira deituz eta bitartekaritzaz arduratuz), guardien antolaketa...

 

Etsai nagusiak

Suteak dira suhiltzaileen erronkarik nagusienak, mendi-suak bereziki. “Sope­la­koa izugarria izan zen. Guardia osagarriak eduki genituen eta errekamarako suhiltzaileak erabili behar izan genituen % 100 ematearren”, gogoratu du Serrak. Esa­ten da uda dela urtarorik gogorrena, bai­na usteak erdi ustel, udazkena baita: “Lu­rra siku dago garai horretan, eta hego-haizea nagusi da: suterako osagarri funtzeskoenak”. Azkena Sestaon izan zen duela hilabete bat. “Parke guztia bertan izan zen jo eta su lehen ilaran, neu barne, sua itzaltzeaz gain ebakuazio ugari egin behar izan zirelako”.

Suteez gain ziklogenesiak, haizeteak eta alarma laranjak bezalako gertaerak daude. Egun horietan telefonoa sutan da­go (zentzu metaforikoan), ezbehar ugari sortzen direlako. “Askotan, suhiltzaile ko­purua baino ezbehar gehiago gertatzen dira, eta gainontzeko parkeekin elkarlanean aritzen gara, ezbeharrak larritasun mailaren arabera sailkatuz”.

Momentu honetan Asiako liztorren ga­raia da. Joan den urteko sasoia otsailera artekoa izan zen eta aurtengoa martxoan hasi zen. “Lehen urteetako udak oso gogorrak izan ziren, arazoari irtenbidea emateko eragozpen asko zegoelako”, azaldu du Jokinek. Hori dela eta, Udalak formatzen hasi ziren suhiltzaileek Foru Aldundiko Basalan enpresaren bitartez, eta harrez geroztik suhiltzaileen lana eskola, nagusien egoitzetan edota argindar dorreen inguruetako habiak kentzeaz arduratzen dira. “Batzutan kiskaltzen edo pozoitzen ditugu. Beste batzuetan, or­dea, unibertsitateko ikerketak egiteko batzen ditugu, behar bezalako teknikak erabiliz”.

Suhiltzaile izateko gogoa duen edonor balio duen galdetzen zaionean, Jo­kinek zalantzak dauzka. “Gaur lehen bai­no zailagoa da: sasoian egoteaz gain, guztiz prestatuta egon behar da psikologikoki. Asko ikasi behar da”, aitortu du. “Ba­rrutik ikusita, zerbitzuak iniziatiba eta ikasteko gogoa eta elkarlanean aritzeko kapazitatea bilatzen du, eta behin oposaketak gaindituta, hiru hilabeteko formazioa egin behar da, lanbide honetan etengabe ikasten baita”.

Umezaroko lehen sutetik gaur egun arte ezbehar asko ikusi ditu Jokinek kaskoaren bestaldetik. “Hala ere, lan polita be­zain aberasgarria da, lanbidea baino, gustura egiten dudan zerbait, eta hori parkea bisitatzen duten eskoletako ume­en irribarreetan ikusten da”. Egunero erronkei aurre egin behar diete, eta ho­rren truke gizartearen esker ona eta mi­respena jasotzen dute suhiltzaileek, haiek baitira suari gure ordez aurre egiten dietenak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).