Bi noranzkoko bizikleta-pista izango da eta oinezkoentzako bidea ere egongo da. Sei metroko zabalera edukiko du: lau metro zabaleko bidea atonduko da txirrindularientzat, eta bi metro zabaleko bidea, oinezkoentzat. Bi bideak ondo bereiziko dira, eta trafikotik aldendu, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Era berean, gune zabaletatik eta parkeetatik pasatuko da. Kirol-aisialdirako aukera da bizikleta-pista; hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu duenez, benetako alternatiba ere izatea nahi dute, herritarrek erabili dezaten Galdakao eta Larrabetzuko arteko joan-etorriak egiteko. Gainera, erraztuko du inguruko garraio publikora oinez jotzeko.
Esan moduan, ibilbidea Txorierri eta Mungialdea arteko sarearen parte da. Sarearen ardatz nagusiak zeharkatuko ditu Bilbo, Etxebarri, Basauri, Galdakao, Amorebieta-Etxano, Iurreta, Abadiño, Berriz eta Zaldibar; bigarren ardatz nagusiak lotuko ditu Erletxeta eta Lutxana; eta, azkenik, bigarren mailako ardatz bat Mungiaraino ailegatuko da.