Zelan pentsatu, halan azentua

Aikor aldizkaria 2008ko api. 15a, 09:41

Testua: Joseba Butron, irakaslea eta euskaltzain urgazlea

Berba egiten dugunean, aldi berean pentsatu egiten dugu. Bueno, baten batzuek pentsatu barik egiten dute berba, brausta-brausta; besteren batzuk, pentsatzen dutenaren kontrakoa esateko ; beste batzuek... Kontua da berbaz paretan garenean pentsamendua ere hor dabilela, lanean. Ahoa eta burua, biak batera. Baina, zelan pentsatzen dugu? Hots, euskaldunok, elebidunak garenez, zelan pentsatzen dugu, euskaraz ala erdaraz? Ala bietara? Seguru asko, bietara moldatzen da gure burua, gu konturatu barik. Bueno, batzuetan, albokoak, entzuten daudenak bai konturatzen dira zelan pentsatzen dugun, igarri egiten da-eta: erdarakada galantak, euskarakadak, bien nahaste-borrastea… Herrien izenak esaten ditugunean ere igarri egin liteke zelan pentsatu dugun, zein izan den gure erreferentzia. Bai, ze gure herrien izen gehienek euskaraz azentu bat daukate, eta erdaraz beste bat. Horregatik, euskaraz pentsatzen duenak holangoak esango ditu: Lezamákoa (ez, Lezámakoa), Zamudíon (ez, Zamúdion), Mundakára (ez, Mundákara), Larrabetzútik (ez, Larrabétzutik), Gernikán (ez, Gerníkan)… Herrien izenetan, euskaraz, azentua atzerantz egoten da; gaztelaniaz, kontrara. Berba arruntetan, ostera, euskaraz aurrerago egoten da (telébista, abértzalea, ordénadorea, txakólina, autóbusa…) eta erdaraz atzerago. Horregatik entzuten da ze “Euskeraz badaki, bai; baina ez dau ondo egiten”. Azentua izan liteke. Edo pentsatzeko erak (erdaraz eta euskaraz) nahastuta dabiltzala, dantzan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).