Lezamako lasterketan izena emateko epea zabalik

Aikor aldizkaria 2016ko uzt. 20a, 12:04
Mugetatik Lezamar kirol klubak hamaikagarren aldiz antolatu ditu “Lezamako mugetatik” mendi lasterketa eta ibilaldia abuztuaren 28rako. Izena ematea lezamakomugetatik.com webgunearen bidez egin behar da eta bertan ere probaren gainontzeko zehetasunak eta informazioa ipini dituzte irakurgai. Helduek 14 euro ordaindu beharko dute lasterketan zein ibilaldian parte hartzeagatik, eta federatuta ez daudenek, bost euro gehiago aseguruagatik. Nolanahi ere, probaren egunean bertan lekua egonez gero, izen emateak 15 euro balioko du; 20 euro, ez federatuentzat. Bestalde, lezamarrek zortzi euro ordainduko dute; eta umeek, bost euro. Izan ere, aurreko edizioetan moduan, umeek txikien ibilaldia egiteko aukera izango dute. Aurtengo probari dagokionez, aipatu beharra dago ibilbidea apur bat luzeagoa izango dela, 26,5 km, eta desnibela, 1.200 metrokoa. Gaztelumendin ere tarte berriren bat egongo da. Era berean, “Ganguren ziztu bizian” deituriko zati bertikala neurtuko da, iaz egin zen moduan. Lasterketan hiru maila egongo dira: seniorrak, beteranoak eta Lezama. Hirurak, emakumezkoen eta gizonezkoen kategorian. Parte hartzaileen artean opariak banatuko dira: txaleko polarrak helduentzat, kirol-jertseak umeentzat, Lezamako produktuak… Horrezaz gainera, giro ederra egongo da herrian eta, besteak beste, piperrak eta txakolina dastatu ahalko dira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).