Feministak non dauden?

Izarne Agirre, irakaslea 2016ko abe. 16a, 10:49

Oraindik ere Altsasun Guardia Zibil eta herritar batzuen arteko goizaldeko liskarrari etekinik atera nahi dionik bada. Gau hartan gertatutakoaz ber­tan zeuden herritarrei galdetu ordez baz­terrak nahastu dituzte, interes politiko eta mediatikoen mesedeetan.

Horren ikusgai izan zen Iruñako antzerki-manifestazioa: Espainiarekiko maitasuna goraipatzeko bildutakoak, Guardia Zibilaren presentzia itogarrian eroso daudenak, Asironi di­misioa eskatuz, euskararen kontrako lelorik entzun ez arren, seguru baten ba­tek gustora nahastuko lituzkela… eta ka­ka-na­haste hortan nire buruan etengabeko oihartzuna utzi zuen galdera: non dau­de feministak? Horixe galdetzen zu­ten manifestariek… Orduan gertakaria gal­de­rarekin lotu nahaian hasi naiz, feminismoa zer den oraindik batzuek ez dutela ulertu, edo borroka hura genero indarkeriarekin lotu nahi duten… Zorionez, Euskal Herri­ko feministak mediatikoki ka­ka artean eta arinkeriaz baino pauso sendoagoetan dabiltza. Feministak non dauden? Gizarte eredu ez patriarkala, ez kapitalista, ez militarizatu baten alde lanean. Emakumeen kontrako erasoak salatzen, beste eredu sozialago batzuk aldarrikatzen, erakundeetan izandako lorpenak ospatzen, munduko emakumeenganako elkartasuna erakusten… Euskal Herriko fe­ministak Al­tsasun daude, milaka herritarrekin batera, indar polizialei bakean uzteko eskatzen*. 

 

*gazteak atxilotu dituzte terrorismo delituengatik, ikaragarria eta beldurgarria. Muntai poliziala muturreraino eramana. Elkartasun osoa haiei eta Altsasu herriari.