Goiatz de la Fuente Moreno, kirolari peto-petoa

“Nire helburua da edozein kirol-mota egiteko gaitasuna izatea”

Aikor aldizkaria 2021ko api. 30a, 12:00

Hogeita lau urteko lezamarra oso-oso pertsona kirolzalea da. Hain da kirolzalea, ezen eguneko ordu gehienak kirola egiten ematen ditu. Kirola oso ardatz inportantea da bere bizitzan eta, gainera, hura  ogibide bihurtzeko asmoa du. 

Zer dela eta zara hain kirolzalea?

Aita ere oso kirolzalea da eta erreferentetzat dut. Beste aldetik, oso urduria naiz eta kirola egin behar dut urduritasuna baretzeko. Gainera, oso-oso ondo pasatzen dut kirola egiten. Korrika egiten dut, bizikleta eta igeriketa, eta gimnasiora ere joaten naiz. Eta bihar patinaketan, esaterako, aritzeko gogoak emanez gero, horretan ere saiatuko nintzateke arazo barik. 

Noiztik egiten duzu korrika?

Hamalau urterekin hasi nintzen, nire kabuz. Gehien gustatzen zaidana trail-a egitea da, hau da, menditik korrika egitea, baina herritik-eta ere egiten dut korrika. Bilboko erdi maratoian ibilia naiz, Bizkaia Zubiko erdi maratoian, San Silvestre lasterketan, Bizkaiko Trail Kopan… Oso giro positiboa da eta jende asko ezagutzen da. Nolanahi ere, lehiaketatik harago, nire buruari helburu hauek ezartzen dizkiot: lasterketetan parte hartzea, horiek bukatzea eta asko disfrutatzea. 

Eta igerian?

Iaz hasi nintzen igeri egiten: buruan aspalditik dut triatloia egitea, baina oso igerilari txarra naiz (kar-kar); oso burugogorra ere banaiz eta horregatik hasi nintzen igerian egiten, pitika-pitika… Artxandako kiroldegian entrenatzen naiz, nire kabuz, izan ere, kirola egitera behartzen nautenean ez dut disfrutatzen. Gustatuko litzaidake uztailean Plentziako proban parte hartzea…; bueno, egia esan, ez dut prisarik.

Bizikletan saiatzera aitak animatu zintuen, ezta?

Bai, eta aitortu behar dut hasieran ez nengoela oso motibatuta, oso kirol aspergarria iruditzen zitzaidalako; gaur egun, berriz, nire kirolik gustukoena da, mountain bikea bereziki, eta ahal dudan guztietan bizikletan ibiltzera joaten naiz. Lehendabiziko lasterketa Elorrion egin nuen, ondoren Monegroseko maratoian izan naiz, Bilbao-Bilbao lasterketan…

“Kirola egin behar dut urduritasuna baretzeko; gainera, oso-oso ondo pasatzen dut”

Gimnasiorako zaletasuna?

Duela urte batzuk, 2015ean, Bartzelonara joan nintzen Psikologia ikastera –lehen ikasturtea baino ez nuen egin– eta han hasi nintzen gimnasiora joaten. Asko gustatzen zait, baina osasunagatik egiten dut, izan ere, plusa da niretzat, adibidez, bizikletan ondo ibiltzeko.

Kulturismoan ere animatu zara.

Zornotzako gimnasio batera hasi nintzen joaten eta hango monitoreak esan zidan kulturismoan aritzeko ezaugarriak nituela; eta, egia esan, giharrak oso erraz lantzen ditut. Beste esperientzia bat izan da: Bizkaiko kulturismo txapelketa irabazi nuen 2018an, baina azkenean utzi egin nuen.

Zergatik?

Psikologikoki oso gogorra delako: dieta oso zorrotza egin behar da, ezin da lagunekin bazkaltzera joateko geratu, ez da disfrutatzen… 

Dieta berezirik egiten duzu?

Jaten dudana zaintzen dut, noski, eta denerik hartu: fruta, barazkiak, proteina, koipea… Era berean, azukre gutxi hartzen dut, eta lasterketa dudanean, bada, hidrato gehiago jaten ditut.

Zaila izan behar da kirol horiek guztiak egiteko momentua topatzea.

Kardio-ariketak egiten ditut astean hiru egunean, baita muskulazioa lantzeko entrenamendua ere. Horiek gura zein gura ez egiten ditut eta gero beste kirol-motak uztartzen ahalegintzen naiz aukeren arabera. Egia da ezin ditudala aste batzuetan kirol-mota guztiak praktikatu, baina ez naiz horregatik traumatizatzen, nire helburua ondo pasatzea delako. Nire helburua da edozein kirol-mota egiteko gaitasuna izatea, eta horretarako egiten dut denerik apur bat. Esate baterako, igeri egiteko teknika ikasi behar izan dudan arren, oinarri fisiko ona dudanez, ez dut esfortzu larregirik egin behar izan. Halterofilian saiatu nahi dut? Bada, indarra landuta dudanez, egin ahalko nuke… Beharbada, ez nintzateke onena izango, baina halterofilia egiteko gauza izango nintzateke. 

Zeintzuk dira hurrengo erronkak?

Andalucia Bike Race lasterketan parte hartzea gustatuko litzaidake, eta inoiz triatloi olinpiko batean aritzea… Baina, agian, lehenago igeri egiten hobeto ikasi beharko nuke (kar-kar).

Gainera, zaletasuna lanbide bihurtzea erabaki duzu.

Bai, entrenamendu pertsonalei eta nutrizioari lotutako ikastaroak egin ditut, eta orain gimnasioko monitorea izateko eta entrenatzailea izateko ikasketak egiten nabil. Ez da kasualitatea kirola eta lanbidea uztartu nahi izatea, kirola baita gogotsuen egiten dudana: mendira joateko proposamena egiten badidate, berehala onartzen dut. Kirola doan egiten dut, are gehiago, kirola egiteagatik ordaindu ere egiten dut; beraz, pentsa ezazue neuri ordainduko balidate! (kar-kar).

“Andalucia Bike Race lasterketan parte hartzea gustatuko litzaidake, eta inoiz triatloi olinpiko batean aritzea”

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).