Haritz Carrera da EH Bilduren Lezamako alkategaia

Aikor aldizkaria 2023ko ots. 27a, 14:10

Lezamako EH Bilduk jakinarazi duenez, Haritz Carrera aukeratu dute udal-hauteskundeetarako alkategai. “Nahiz eta jaiotzez bilbotarra izan, lanagatik eta egoera pertsonalagatik, oso gaztetatik harreman estu-estua izan du Txorierrirekin eta bereziki Lezamarekin eta lezamarrokin”, azaldu dute. “Betidanik izan da herri-mugimenduan inplikatuta, eta laguntzeko prest. Azken urteotan, langile-klasearen bizi- eta lan-baldintza duinen aldeko borrokan dabil sindikalgintzaren bitartez”.

Carreraren helburuen artean, hauek azpimarratu dituzte: herriaren eta bertako biztanleen benetako beharrizanei erantzutea; ekologia-arloan jasangarriagoa den herria bermatzeko politikak egitea; feminismoan oinarritutako berdintasun-politikak sustatzea; euskara eta kultura eremu guztietan bultzatzea; herri integratzailea eta solidarioa sustatzea; eta ume, gazte eta nagusiek behar eta merezi dituzten arreta eta beharrizanak asetzea. “Horiek guztiak herritik eta herriarentzat”. Udal parte-hartzailea, gardena, eraikitzailea eta herriaren etorkizuna bermatzen duena lortzeko helburu duela, Carreraren hitzetan, ilusioz eta anbizioz hartu du erronka.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).