Neguloiu kanpainari esker 40.000 euro zuzenduko dira herriko 18 establezimendutara

Aikor aldizkaria 2024ko ots. 12a, 11:42

Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak bere webgunean jakinarazi duenez, Loiuko Udalak bonuen kanpaina berria egingo du: Neguloiu. Guztira 3.000 bonu ipiniko dira salgai eta 40.000 euro zuzenduko dira kanpainarekin bat egin duten 18 establezimenduetara. Zehatz-mehatz, 20 euroko balioa duten 1.000 bonu aterako dira, baina erosleak 10 euro ordainduko ditu bonu bakoitzeko; eta 10 euroko balioa duten 2.000 bonu, baina erosleak bost euro ordainduko ditu bonu bakoitzeko. Bonuak otsailaren 26an ipiniko dira salgai, eta maiatzaren 31ra arte gastatu ahalko dira.

Loiuztarrentzako kanpaina da eta herritar bakoitzak gehienez 20 euroko bost bonu eskuratu ahalko ditu, edo 10 euroko 10 bonu; era berean, bi bonu-mota hartzeko aukera egongo da, 100 euroko balioa gainditu barik. Diru-txartelak udaletxean bertan eskuratu ahalko dira, astelehenetik barikura, 08:30etik 13.30era. Halaber, telefonoz gorde ahalko dira udaletxera deituta, eta emandako kontuan dirua sartu ondoren, udal-liburutegian hartu (astelehenetatik barikura, 16:00etatik 21:00etara), edo Larrondoko frontoian (astelehenetik barikura, 17:00etatik 21:00etara; eta zapatuetan, 09:00etatik 14:00etara).

Begoñaren hitzetan, kanpainaren helburua da “herriko dendetan eta ostalaritza-establezimenduetan gastatzea, gaur egungo ekonomia-egoera sortutako kalteak arintzen laguntzeko”. Era berean, herritarrek ere deskontuez baliatzea du helburu, eta udalerria girotzea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).