Koparen osteko Athleticen lehen partida ikusteko sarrerak jasoko ditu Loiuko lehiaketaren irabazleak

Aikor aldizkaria 2024ko mar. 27a, 11:32

Loiuko Udalak leihoak eta balkoiak apaintzeko lehiaketa antolatu du, eta horrela, Kopari begira herria girotzeko. Koparen ostean, Athleticek Villarealen kontra jokatuko du lehen partida, eta lehiaketaren irabazleak partida hori ikusteko sarrera bi jasoko ditu saritzat. Gainera, Athleticen museoa bisitatzeko sarrerak ere irabaziko ditu.

Bigarren sarituak, bestalde, asteburuko menua dastatu ahalko du San Mameseko La Campa de los Ingleses jatetxean, eta museorako sarrerak ere jasoko ditu. Azkenik, bost hirugarren sari egongo dira eta irabazleek Athleticen 125. Urteurrenaren kamiseta bana jasoko dute saritzat. Lehiaketan parte hartzeko, leihoak eta balkoiak apirilaren 3a baino lehen apaindu behar dira, eta argazkia athletic@gureloiu.eus helbide elektronikora bidali. Mezuan adierazi behar dira etxearen helbidea eta parte-hartzailearen izena eta telefono-zenbakia. Argazkia bidaltzen duten lehenengo 150 pertsonari kamiseta berezi bana emango diete. Lehiaketaren oinarriak hemen kontsultatu daitezke.

Lehiaketaren irabazleak nortzuk diren Kopako finalaren atsedenaldian jakinaraziko da. Loiuko Udalak zenbait ekintza antolatu ditu egun horretarako: finala pantaila erraldoian ikusteko aukera egoteaz gainera, 19:30etik aurrera Koparen kamiseta bereziak banatuko dira agortu arte, eta 20:30etik 21:30era parrillada eta umeentzako festa izango dira; Xaiborrek azken hori girotuko du.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).