Beste Bira Loiu, bosgarrena Euskadiko Kluben Txapelketan

a eta b: Beste Bira 2024ko api. 23a, 12:42

Zapatuan, apirilak 20, Euskadiko Bigarren Mailako Kluben Txapelketa izan zen Mendizorrotzako pistan, Gasteizen, eta Beste Bira Loiuk bere emaitzarik onena lortu zuen bertan: bosgarren postua. Izan ere, azaldu dutenez, iaz zazpigarrenak izan ziren txapelketa horretan. Txorierriko klubak Sendoa eta Barrutia taldeak gainditu zituen azken sailkapenean.

Beste Birako atletak banakako 17 probatan lehiatu ziren, eta bi errelebo-probatan. “Bosgarren postuan egoteko 57 puntu egiteaz gainera, positiboena izan da talde absolutuan gazteak sartu direla. Horri esker, taldeak aurrera egin du eta sailkapenean postu hobea lortu duten taldeekin ibili dira, hala nola La Blanca, Artunduaga, Eibar eta Txindoki”. Klubaren hurrengo helburua da Bizkaiko taldeen txapelketa, ekainaren 8an egingo dena.

Beste aldetik, zapatuan ere Aratz Mendieta eta Maialen Aketxe klubeko atleta gazteek Bizkaiko txapelketaren finalean hartu zuten parte benjamin kategorian. Probak Basaurin egin ziren. Mendieta luzera-jauzi proban eta abiadura proban ibili zen eta biak irabazi zuen: 3,70 metro eta 9.30 s, hurrenez hurren. Aketxe 60 metroko eta 1.000 metroko lasterketan ibili zen, eta azken proban hamabigarrena izan zen.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).