1950ean jaio zenean bere etxea eraikitzen ari ziren. Bertan eman du bizitza Juan Luisek, duela lau urte arte. Etxeko teilatua jausi eta bertan bizi ezinik, etxe parean duen karabanan bizi da. Egunean zehar ortua landu egiten du eta gauean, kanpoan afaldu ostean, karabanara itzultzen da, lo egitera. Zamudioko landategian eta Palets del Txorierrin lan egin zuen: “Baina dena bukatu zen”. Bakardadean bizi da, eta alkohola gehiegi edateak bihotzekoarekin mehatxatu zuen Mentxakaren osasuna. Gaur, ortua eta bere abereak zaintzeaz arduratzen da gizona, bertan behera utzitako etxearen iraganeko mamuak auzokide bakarrak direlarik.
Teilatu apurtua
etxe zabalean,
bisaia seriodun
gizona kalean,
bizitza gogorraren
markak azalean…
hori dana sartu lei
zuri- baltz soilean.
Itallen Bertso Eskola