Martxoak 8

Inauteri feministak

Aikor aldizkaria 2019ko mar. 7a, 09:15

Sondikak Inauterien lekukoa hartuko du asteburuan. Bihar Martxoaren 8a da, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta antolatzaileek data aprobetxatu dute aldarrikapen feministarekin bat egiteko.

Txorierriko Inauteririk jendetsuenak Sondikakoak dira. Ohi moduan, Sondikako Inauterien Elkarteak egun biko egitaraua antolatu du Udalaren babesarekin. Azaldu dutenez, aurten Emakumeen Eguna eduki dute oinarri, Inauterietako gaia aukeratzeko orduan: emakumezko heroiak. Gaia Garrasia herriko talde feministak proposatu du, eta, gainera, egitaraua prestatzeko lanetan ere hartu dute parte. Horrela, bada, ekitaldia egingo dute martxoaren 8an, 18:00etan, eta iluntzean, 20:00etan, adierazpena irakurriko dute karpan. Era berean, Inauterietako txosna apainduko dute, eta mozorro lehiaketaren sariak banatuko dituzte.

“Eskerrak eman nahi dizkiegu antolatzaileei, Inauterietan parte hartzeko aukera emateagatik”, esan du Maider Villar Garrasia taldeko kideak. “Poz-pozik gaude, Sondikako Inauterietan jendetza batzen delako, eta horrek bai taldeari, bai borroka feministari oihartzun handiagoa emango dielako. Jaian modu aktiboan hartuko dugu parte, eta puntu more mugikorra ipiniko dugu. Bertan eraso sexisten aurkako protokoloaren berri emango dugu, eta protokoloa bera irakurriko dugu kontzertuetan”.

Beste alde batetik, nobedade handi bat ekarriko dute Sondikako Inauteriek. Izan ere, aurten, ohiko karparen ordez, karpa bi ipiniko dira: bata, Iturrikosolo kalean; eta bestea, Lehendakari Agirre kalean. “Iaz, Udalarekin batera erabaki genuen karparen kokalekua aldatzea, batez ere segurtasun arrazoiengatik. Orain arte, Inauteriak tren-geltokiaren ondoko aparkalekuan egin dira, baina hori leku itxia da, sarrera-irteera bakarra duena, eta zerbait gertatuko balitz arriskutsua izango litzateke”, esan digu Jone Karkamo Sondikako Inauterien Elkartearen kideak.

Egitarauari dagokionez, ordea, ez dago nobedade handirik. Txupinazoak hasiera emango dio jaiari martxoaren 8an, barikuan, 16:00etan. Arratsaldea Xaiborrek girotuko du, eta, ziur asko, dantzan jarriko du herria. Musikak gauean ere jarraituko du: kontzertu akustiko bat egongo da 20:30ean, eta gauerdian Reincidentes talde andaluziarra igoko da eszenatokira. Ostean, erromeria izango da Trikizio taldearen eskutik.

Zapatu goizerako, tortilla eta tostada lehiaketak antolatu dira. Baita kalejira ere. Bestalde, mozorroen desfilea, fanfarrea eta txokolatada egongo dira arratsaldean. Zirkozaurre taldeak kalejira girotuko du, eta 21:30ean sardina erreko dute. Hala ere, jaia ez da bertan behera geldituko: mozorroen lehiaketaren sariak banatuko dira, eta, Inauteriei agur esateko, dj bat eta musika talde bat arituko dira.

 

Martxoak 8, barikua

16:00 Txupinazoa. Jaien hasiera.

18:00 Umeen kalejira, eskolatik herrira. Sardina eta buruhandiekin.

18:00 Garrasia talde feministaren ekitaldia.

18:30 Xaibor diskofesta umeentzat.

19:30 Txanpi-poteoa, txosnetan.

20:00 Garrasia talde feministak manifestua irakurtzea, eta zozketaren irabazlea.

20:30 Kontzertu akustikoa.

00:00 Kontzertua: Reincidentes.

02:30 Erromeria, Trikizio taldearen eskutik.

 

Martxoak 9, zapatua

11:00 Umeen parkea.

12:00 Tostada lehiaketa.

12:00 Kalejira, txistulariekin eta Elutxa txarangarekin.  

12:00 Dantza-poteoa, karpatik tabernetara.

13:30 Patata tortilla lehiaketa.

16:00 Kafea nagusientzat eta Duo Musikala taldearen saioa, Nagusien Etxean

18:00 Umeen mozorroen desfilea

18:00 Elutxa txaranga.

19:30 Txokolatada.

20:30 Kalejira, Zirkozaurre taldearen eskutik

21:30 Sardinaren hileta.

21:30 Umeen eta nagusien mozorro, tostada, patata-tortilla eta erakusleihoen lehiaketen sariak banatzea, Gorabideren eta Garrasia talde feministaren eskutik.

23:00 Kontzertua: Nerbio Bulkada.

00:00 Erromeria: Gora herria

02:30 Dj Munza. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).