Dana gimnastika taldea

Gimnastika adeitsua

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 2a, 10:50

Ibilbide luzea du Dana Sondikako Gimnastika Klubak, duela 17 urte sortu zen eta. Bere lantaldeak ere eskarmentu handia du, eta gimnastika erritmikoari modu adeitsuago batean heltzeko aukera eskaintzen diete gimnastei. Beren balioak zerbaitegatik dira adiskidetasuna, begirunea, en­patia, konpromisoa, nork bere mugak gainditzea, mo­tibazioa, pasioa eta kalitatea.   

Elena Bertol da Dana Gimnastika Klu­ba­ren presidentea, zuzendari teknikoa, en­trenatzaile nagusia, kudeatzailea…; hau da, arima. Izan ere, kluba bere proiektu per­tsonala da. Gimnastika erritmikorako gri­na handia du txikitatik, eta hainbat garaipen lortu ditu bere kirol-ibilbidean. Kontatu digunez, Farmazia ikasi zuen, bai­na aldi berean entrenatzaile zebilen ki­roldegi batean. “Kaleratu ninduten, eta 10 gimnastek erabaki zuten nirekin jarraitzea: kluba 2006an sortu genuen. Oso hasiera korapilatsua izan zen, entrenatzeko leku egokia topatu behar genuelako. Bilboko eskola batean hasi ginen, eta handik ezau­garri egokiagoak zituen leku batera joan ginen, Eskurtze institutura hain zuzen. Bai­na pandemia etorri zen eta dena geldia­razi zuen”. 

Halabeharrez ezarritako geldialdi ho­rretan, han eta hemen begiratu zuen, ea inguruan arrazoizko lokalik zegoen. “Ni­re aretoa izateak ilusio handia egin dit beti. Lekuari eta altuerari dagokienez, are­toek oso ezaugarri zehatzak eduki be­har dituzte gimnastika erritmikoa eroso egin ahal izateko, eta zaila da halako az­piegiturak topatzea. Nolanahi ere, Son­dikan bertan, etxe ondoan, aurkitu nuen. Ikustera etorri nintzen eta hemen gaude, poz-pozik”.  

 

“Ahalegintzen gara gimnastek euren onena eman dezaten, baina presio barik eta beti ondo pasatuz”

 

Gaur egun, 70 gimnasta daude Dana klubean. Sondikakoak dira, Bilbokoak eta inguruko herrietakoak. Gainera, entre­na­menduak Bilbon ere egiten dituzte, Son­dikaraino hurbiltzerik ez dutenek eu­ren kirol-errutinarekin jarraitu dezaten. “Has­tapen-ikastaroa dugu lau urtetik zazpi ur­tera bitarteko gimnastentzat, eta zortzi ur­tetik aurrera hasten dira eskola-kirolean le­hiatzen. Dena dela, lehiaketetan parte har­tzen ez duen taldea ere badugu, le­hiatzea gustatzen ez zaienentzat edo oraindik lehiatu nahi duten edo ez argi ez dutenentzat. Azkenik, gimnasta federa­tuak ditugu, Bizkaiko, Euskadiko eta Es­painiako txapelketetan ibiltzen direnak”. 

Hala ere, klubaren helburua ez da medailak lortzea, gimnastek kirolaz gozatzea baizik. “Ahalegintzen gara euren onena eman dezaten eta euren onena zer den jabetu daitezen, baina presio barik eta beti ondo pasatuz”. Horretarako, lantalde ederra du Bertolek ondoan. “Nitaz aparte beste bi entrenatzaile ditugu: Nerea Martinez de Lejarza eta Jone Perez, nire ikasleak izandakoak, eta nire sostengu. Fisioterapeuta ere badugu, eta kirol-psikologoa. Azken hori Marina Viejo da eta Espainiako selekzioarekin ibili da lanean”. Bere esanetan, kalitate handiko gimnastika eskaini nahi diete ikasleei, gimnasta bakoitzaren ezaugarrietara eta beharrizanetara egokituta. “Lortuz joaten garela uste dut”. 

 

Exijentzia handikoa 

Exijentzia handiko kirola da. “Ariketa batek minutu bat eta 30 segundo irauten du, eta denbora-tarte horretan urte osoan egindako lana dago jokoan. Baina nik ulertarazi nahi diet lehiaketaren minutu eta erdi hori zerbait puntuala dela, bidea askoz luzeagoa dela eta gauza batzuk ondo eta beste batzuk txarto egingo di­tuztela; eta horrek guztiak lagunduko diela aurrera egiten. Kontuak kontu, esan beharra dago gimnasta aurreratuagoak euren buruarekin oso exijenteak izan ohi direla”. Eskola-kirolean dabiltzanek bi orduko entrenamendua egiten dute as­tean hiru aldiz, eta aurreratuago dau­denek, hiru orduko entrenamendua as­tean lau aldiz. “Dena lantzen dugu: mugimenduak, aparatuak, koreografiak… Oso pertsona bizia naiz eta gustatzen zait egiten duguna publikoarengana aile­gatzea. Hori dela eta, denbora lu­zea ematen dut musika entzuten eta koreo­grafiak prestatzen, gimnasta bakoitzari ondoen etorri dakiokeena aukeratzeko”.  

Pentsatu liteke gutxiengoaren ki­ro­la dela, baina Bertolek esan digu ezetz. “Lehia handia dago, klub asko dau­delako: kiroldegietan, eskoletan… Hain­bat klubetako entrenatzaile batzuk ba­tu gara eta talde ederra osatu dugu, elka­rri hobetzen laguntzeko. Eta asko poz­ten gara gainerakoen garaipenez”. Ha­la ere, gehienbat nesken kirola da. “Klub batzuetan mutilak daude, baina ko­ra­pilatsua da mutilak kirol honetara era­kar­tzea: etortzen dira gimnastika errit­mikoak bene-benetan asetzen dituelako, edo mundu honetan dabilen edo ibilia den senideren bat dutelako. Edonola ere aipatu beharra dago mutilek gimnastika erritmikoan asko aurreratu dutela eta Es­painiako txapelketa propio eta guzti du­tela. Danan momentuz ez dago mutilik; ba­ten batek saiatu nahi badu, ondoetorria izango da”. 

Ohiko eskola-saioez gainera, udale­kuak ere eskaintzen dituzte. “Ekainaren 26tik uztailaren 14ra arte izango dira eta izena emateko epea zabalik dago. Aukera batzuk daude: goizean zein arratsaldean etortzea, bakarrik goizean… Oso ondo pa­satzen dute, asko ikasi eta lagun be­rriak egiten dituzte”. Era berean, klubak Son­dikan antolatzen diren ekintzetan hartzen du parte. “Esaterako, ekainaren 11n era­kustaldia egingo dugu kiroldegian, eta San Joan jaietan ere izango gara”. 

Etorkizunari begira, Bertolek ez du as­mo handiko helbururik. “Nire proiektuak aurrera jarraitzea nahi dut, besterik ez. Hau da nire pasioa. Amak beti esan du nik ez dudala zaletasun bat, obsesioa baizik (kar-kar). Gozatu nahi dut, eta zoriontsua izan. Eta gimnastika erritmikoak zoriontsu egiten nau, dena ematen didalako. Gainera, neskatoak oso esker onekoak dira eta haiekin lan egitea zoragarria da”. 

 

Saririk handiena

Apirilean, Espainiako Gimnastika Erritmiko Txapelketa izan zen Iruñean eta klubeko Naroa Alvarez txapelduna izan zen kadete kategorian. “Egia esan, ez genuen medailarik lortzeko as­morik, eta ez genuen espero. Egun­doko poza hartu genuen; gainera, 200 parte-hartzaile egon zirela kontuan hartuta. Klubean ez dugu txapeldun gehiagorik, baina ezta izateko hel­bururik ez. Gizarteak bakarrik emaitzei ematen die garrantzia, baina zer ger­ta­tzen da medailarik lortu ezean? Ba­da, ezer ez. Zure bideak eta lanak au­rrera jarraituko dute, eta zu ez za­ra gutxiago izango. Logikoa denez, en­trenatzaile moduan gustatzen zait gimnastek garaipenak lortzea, baina ez lortzeak ez du esan nahi gauzak txarto egiten dabiltzala. Hori ulertu dezaten nahi dut. Inportanteena da ki­rolaz gozatzea, eta bideak berez egingo du aurrera. Bestalde, bere ari­keta amaitu bezain laster Naroa ni­gana etorri zen eta eskerrak eman ziz­kidan; egon liteke hori baino sari han­diagorik?”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).