Emakumeen Kontseilua sortzeko lehenengo pausoak Sondikan

a: Sondikako Udala 2024ko mar. 27a, 10:18

Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna izan zen eta Sondikako Udalak data baliatu zuen Sondikako Emakumeen Kontseilua aurkezteko. Hori emakumeak elkartzeko eta euren beharrizanak hausnartzeko gunea izango eta, eta kideek herriko gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko beharrezkotzat jotzen dituzten ekintzak eta urratsak aztertuko dituzte, eta proposamenak alkateari jakinaraziko dizkiote.

Alaiz Zabala berdintasuneko zinegotziak azaldu duenez, berdintasuna da gobernu-taldearen politiketako zehar-lerroetako bat. “Berdintasun-politikak beti bultzatu dira Sondikan, baina konturatu gara gai askotan erren gaudela. Orduan, ikusi genuen Emakumeen Kontseilua beste herri batzuetan ondo zihoan proiektua zela: helburua da emakumeok hitza izatea eta udal-politiketan parte hartzea”.

Bizkaiko Foru Aldundiak horretarako emandako dirulaguntza baliatuta, Sondikako Udalak aholkularitza-enpresa batengana jo zuen, Emakumeen Kontseilua sortzeko prozesuan gidatu zezan. “Lehenengo eta behin, ahalduntze-tailerrak egin dira jakiteko emakumeek zer nahi duten eta kontseilua sortu eta bertan parte hartzeko prest dauden”. Tailerretan 27 urtetik 71 urtera bitarteko 20 emakumek parte hartu zuten, oso profil ezberdinak zituztenek. Zabala oso pozik azaldu da tailerrek eta haien aurkezpenak izandako harrerarekin, eta azpimarratu du Emakumeen Kontseilua arlo guztietan anitza izatea nahi dutela, “adin, arraza, kultura… aldetik”.  

Azaldu moduan, tailerrak hausnarketarako gunea izan dira. Horietan aztertu dute, besteak beste, herriko berdintasun-politikak nola ikusten duten, zertan parte hartzeko prest dauden eta egitasmoan inplikatzeak denbora aldetik zer ekarriko dien. Azken horri dagokionez, inplikazioak izan dezakeen zentzu negatiboa ezabatzen ahalegindu dira, eta azpimarra pentsamendu positiboan ipini. “Izan ere, emakumeok beharrezkoak garela pentsatu behar dugu, eta entzun behar digutela. Hortaz, inplikazioa ez da zama guretzat; guztiz kontrakoa da eta gure alde jokatzen du”.

“Inplikazioa ez da zama guretzat; guztiz kontrakoa da eta gure alde jokatzen du”

Herriko emakumeen elkargunea izango da Sondikako Emakumeen Kontseilua, baita hausnarketarako gunea ere. “Gure artean lasaitasunez hitz egiteko, eztabaidatzeko, elkarrekin biltzeko… Kontseilu zabala izatea nahi dugu eta Sondikako emakume guztiei egongo da zabalik. Horretarako, herriko elkarte guztietara jo dugu eta norbanakoak ere lekua du egitasmoan”. Kontsultarako eta informaziorako organoa izango da eta bertan lehentasuna emango zaie 16 urtetik gorako emakumeei. Haren baitan, beste talde txikiago bat sortzeko asmoa dago, talde motorra izango dena.

“Kontseilu zabala izatea nahi dugu eta Sondikako emakume guztiei egongo da zabalik”

Kontsulta-organoa

Kontseiluaren eginkizunak izango dira berdintasuna lortzeko proposamenak bultzatzea, udalaren berdintasun-politikak gidatu eta aholkulari-lanak egitea, berdintasunerako udal-planak sustatu eta haien jarraipena egitea, sentsibilizazio- eta informazio-kanpainak proposatzea eta emakume guztiek udal-gaietan parte hartzea erraztea. “Kontsulta-organoa izango da alkatetzarako. Kontseiluan egiten diren proposamenak gobernu-taldeak aztertuko ditu, jakiteko ekonomikoki eta juridikoki bideragarriak diren, eta egin daitekeena aurrera eramango da”. Kontseilua gutxienez hiru aldiz batuko da urtean, eta horrezaz gainera, ebaluazio-bilera edo batzar publiko bat egingo da. Formazio-saioak egingo dira sentsibilizazioari begira, eta lehenengo urtean estatutuak sortu eta plan estrategikoa landuko da.

“Proposamenak gobernu-taldeak aztertuko ditu, jakiteko ekonomikoki eta juridikoki bideragarriak diren”

Zenbait bide daude Sondikako Emakumeen Kontseiluan parte hartzeko: liburutegian, gaztetxean edo ludotekan izena emanda, edo iradokizunak@sondika.eus helbide elektronikora idatzita. Izena ematea urte osoan egongo da zabalik. “Ideia da Emakumeen Kontseilua apirilaren ostean martxan ipintzea. Kontseiluak onurak ekarriko ditu, baina ez bakarrik emakumeontzat. Izan ere, tresna da berdintasun-politikak garatzeko eta onurak pertsona guztiontzat izango dira”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).