Gorantzaileak dantza-taldeak Jaéneko Santa Anaren erromerian hartuko du parte

a: Santa Anaren kofradia (Torredelcampo) 2024ko api. 24a, 11:22
a: Santa Anaren kofradia (Torredelcampo)

Hijos de Jaén elkartearen eskutik, Gorantzaileak Sondikako dantza-taldea Jaénera joango da maiatzaren lehen asteburuan. Txorierriko dantzariek Torredelcampo herriko Miguelico muinoan egiten den erromeria tradizionalean hartuko dute parte. Erromeria hori Santa Anaren omenez egiten da. “Probintziako erromeriarik zalapartatsu, dibertigarri eta jendetsuenetako bat da eta Interes Turistiko Nazionaleko Festa izendatu dute”, azaldu dute.

Ospakizunak maiatzaren 3an, barikuz, hasiko dira. Miguelico muinoan gaualdia egingo da. “Erromes asko joaten dira bertara, gaua erromeria-giroan pasatzera”. Hurrengo egunean, Gorantzaileak dantza-taldeko dantzariek dantza egingo dute erromesentzat, eta arratsaldean beste saio bat egingo dute, pregoian eta eukaristian parte hartuko dute eta. Domekan, erromeroak ermitaraino joaten dira eta meza eta prozesioa izaten dira. Ama Birjinaren imajina muinetik ateratzen dute. Prozesioa gelditzen denean, Sondikako dantzariek Agurra dantzatuko diote Santa Anaren imajinari. “Euskal kultura eta ohiturak eramango ditugu Jaéneko Torredelcampora”. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Sondikako Udalak babestutako ekintza da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).