Alaitz Zabala eta Oihana Astobieta, txorierritar neska ausartak ETBko Mihiluzen: "Zenbat jendek ikusi gaituen harritzekoa da"

Aikor aldizkaria 2007ko urt. 11a, 18:19

Testua eta argazkia: Bestorrene

Alaitz eta Oihana urritik aurrera apur bat ezagunagoak egin dira herrian. Zer dela eta? Tximintx eta Lainomendiko kamisetak jantzita ETBko Mihiluze saioan agertu eta oso paper ona egin ebelako. Hurrengo elkarrizketan azalpen gehiago emon deuskue. Zelan okurridu jatzuen saioan parte hartzea? Oporretan alkarregaz toka jakun imintzioetara jolastea. Ondo egiten genduenez, telebistara aurkezteko komentatu gendun. Telefonoz informazinoa eskatu eta izena emotera joan ginan. Baina Mihiluzeko aurreko edizinoa zan eta epea itxita egoen. Larrabetzun, AEKegunean egin zanean, aurkeztu eta irabazi egin gendun. Oraingo edizinorako beraiek deitu deuskue. Zelan izan da prozesua? Aurretik kasting bat egiten dabe: bertako proba batzuk egin kamara aurrean, eta aurrera. Aukera handia izan gendun, zeren neskak eta bizkaitarrak gitxi zeuden. Miramonen grabatzen da, Donostian. Gosaria emoten deutzue, eta gero lehiakideak alkarri aurkeztu. Ostean, makillajera zoaz, pote kapatzarra ipintzen deutzue aurpegian. Gero proba batzuk egin… zer egin behar duzun, zer ez egin, ordena, non kolokatu... eta platora. Egun batean aste osokoa grabatzen da: goizean programa bi eta arratsaldean beste bi. Bitartean arropa aldatu behar dozu, eguna aldatuko dala inpresioa egiteko. Goizeko 10etatik arrastiko 7etara-edo egoten zara bertan, eta buruko mina alekoagaz ateratzen zara. Bero itzela, fokoak, nerbioak, dana... Zelan joan jatzuen? Ederto, bigarren saiora ailegatzea gendun helburua, eta hori lortuta, pozik. Bigarren saio horretan botea irabazi gendun, eta pozik be bai. Hirugarren eta laugarren saioetan finalera ailegatu ginan, baina ez gendun botea eroan, hitz bat ez asmatzeagaitik. Bosgarren saioan beste lehiakideak gure kontra ibili ziran, baina normala da denbora asko daroatenen kontra joatea. Esaten joskuen "zuek ezin zarie kejatu daroazuen diru guztiagaz! Benga, etxera". Imintzioka toka jakun, guretzat onena, baina erantzuna txirrinaren gainean esan gendunez, ba kanpora. Segundu batengaitik. Aurkezleak kamara aurrean agertzen diran bezalakoak dira? Kike Amunarriz bai, berdin-berdina da. Interesa jartzen dau, gugaz egoten zan, publikori burlezar egin... Ilazki gitxiago egoten zan, makilajean-eta denbora asko emoten zauelako. Nork prestatzen ditu probak? Lan talde bat dago, euskarazko berbak aukeratzerakoan Kike ere sartuta dagoela uste dugu. Herri ezberdinetako euskerari buruzko liburuak daukiez. Derioztarren euskara be bai. Txorierriko berba asko agertzen ziran probetan, baina guri oso gitxi tokatu jakuzan. Asko praktikatu zenduen joan aurretik? Udan, jaietako txosnetan, baina soilik imintzioka egitearena. Mezuetan Oihanak itzelezko kailua dauko, eta ganera liburuxka bat dago, Kikek berak argitaratuta. Begiratzen egon ginen. Hieroglifikoak euskaraz topatzea, barriz, oso gatxa da, ez dago gauza handirik. Beldurrez joan ginen, baina ez zan hain gatxa izan, guk probako hirurak asmatu genduzan, imajinazioa behar da. Zer esango zenkie jendeari? Jendea animatzen saiatu gara, baina ez dugu inor joatea lortu. Guk oso ondo pasatu gendun, eta gainera dirutxoa be irabazi gendun: 1844 € bakoitzak. Harritu gaituena da zenbatek ikusi gaituen. Derion bertan, gitxien espero duzunak kalean lotu, eta ikusi zaituela esan. Euskaraz ez dakitenak be, zaping egiten ibili, gelditu, eta ikusten eben.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).