Loiuko gazteek Salamanca bisitatu dute

Aikor aldizkaria 2007ko urt. 18a, 18:05

Ana Landa Loiuko kultura teknikaria esanetan, gazteei zuzendutako bidaia egitea ez da lan erreza izan. Aurretik saiakera batzuk izan dira, baina bidaiak bertan behera gelditzen ziren, bertan parte hartzera lagun gutxi animatzen ziren-eta. Salamanca herriko gazte batek proposatutako norakoa izan da. “Esperientzia ezin hobea, benetan. Bidaian 14 urtetik 21 urtera bitarteko 19 lagunek parte hartu dute, eta edade ezberdinetakoak badira ere, primeran konpondu dira euren artean. Horrezaz gainera, oso arduratsuak izan dira”. Irteeran egin dituzten ekintza guztiak gazteek beraiek erabaki dituzte: paint ball, Salamancako parte zaharrera bisitaldi gidatua… Horrezaz gainera, nor bere kasa ibiltzeko denbora libre eduki dute eta Loiuko Gazte Planaren berri eman zaie. Bidaiak 166 € balio izan du, baina loiugazte txartela eduki dutenek 99 € ordaindu dute. Gazteek oso ondo baloratu dute irteera orokorrean. “Bidaia zoragarria izan da, inoiz ahaztuko ez dudana. Eskerrak antolatzaileei”, esan digu Olaiak. “Nik ere oso ondo pasatu nuen Salamancan, baina hurrengoa luzeagoa izan dadila, mesedez!”, gaineratu du Aitorrek. Izan ere, gazteek bidaia gehiago antolatzeko eskatu diote Udalari. “Hurrengoa Bartzelonara egiteko asmoa dugu. Hori martxoan izango da eta partehartzaileen adina 13 urtetik 27 urtera arte luzatuko dugu”, azaldu digu Landak. Gazte Plana aurrera doa Loiuko Gazte Plana harrera apartekoa izan du, eta dagoeneko 45 dira loiugazte txartela eskuratu duten lagunak. Txartel horri esker, beherapenak dituzte hainbat ekintzetan; Salamancara bidaian, esate baterako. Halaber, herrian antolatzen diren pilota partiduetarako sarrerak eman zaizkie doan, baita Athletic-Gales eta Athletic-Serbia partidak ikusteko sarrerak ere. Beste alde batetik, gazteak dauden taldeak subentzionatu ditu Udalak eta logotipo lehiaketa egin da. “Poltsa antzeko bat ireki dugu, gazteek umeak zaintzeko eta klase partikularrak emateko, eta oso ondo funtzionatzen du. Horrezaz gainera, udaletxean bertan edo udalerako lan egiten duten enpresetan praktikak egiteko deialdia zabaldu dugu, eta hilabete bitan herriko neska bat izan dugu lanean kultura arloan”. Loiuko Udalak gazteei zuzendutako zenbait ekintza antolatu ditu –perkusio eta magia tailerrak eta diskoteka- Gabonetan eta duela gutxi gaztegunea ireki du. “2007. urtean Gazte Plana dinamikoagoa izatea espero dugu. Guk martxan dauden jarduerekin jarraituko dugu, baina gazteek beraiek proposamen berriak egitea nahi dugu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).