Aikor! aldizkariak lagun artean ospatu du 5. urteu

Aikor aldizkaria 2007ko urt. 31a, 12:45

AIKOR! aldizkariak bost urte bete ditu eta Totoan Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak jaialdi ederra antolatu zuen urtarrilaren 25erako, Sondikako kultura etxean, urteurrena ospatzeko. Hara euskaltzale eta lagun asko bildu ziren; tartean izan ziren Andres Urrutia euskaltzainburua, Gotzon Lobera Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria eta Vicente Arteagagoitia Loiuko alkatea izan ziren. Txalaparta hotsak jendea areto barrura erakarri zuen eta Gorka Carro Sondikako alkateak hasiera eman zion ekitaldiari. Udane Goikoetxea Bizkaia Irratiko esatariak aurkezle lanak egin eta hitza eman zien parte-hartzaileei. Iñaki Urdangarin eta Rafa Rueda musikariek abesti batzuk kantatu zituzten eta, ostean, Toti Martinez de Lezea idazleak bere liburu baten pasadizo bat irakurri zigun euskaraz. Urtero bezala, AIKOR! sariak banatu ziren. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Xabier Goienetxe AIKOR! aldizkariaren zuzendariak sari bana eman zien Juan Luis Goikoetxea euskaltzain urgazleari eta Jose Luis Egiluz Txorierri institutuaren zuzendariari, hurrenez hurren, euskararen alde egin duten lanagatik. Horrezaz gainera, aikor.com webgunea eta Aikorlagun kanpaina aurkeztu ziren jaialdian. Amaitzeko, luncha izan zen eta Kultur Etxera joandako guztiek kopau bat hartzeko aukera izan zuten. Jaia ordu txikietara arte luzatu zen. Saridunak Jose Luis Egiluz, Txorierri Institutuko zuzendaria: Poztasun handiz hartu dugu Txorierriko Eskola Publikoari Aikor! aldizkariak emandako saria. Eskola Publikoak Txorierrin duen indarra sendotzeko lan egiten dugunon partez, ESKERRIK ASKO, AIKOR! eta ZORIONAK zuen 5. urteurrenean. SEGI HORRELA! Juan Luis Goikoetxea, euskaltzain urgazlea: Poz-pozik hartu dot Aikor! aldizkariak emon deustan saria, goienetxe-egurrez eginekoa. “Zer pentsatzen dozu?” baino “Euskeraz pentsatzen dozu?” itauntzen dogun euskaltzaleontzat, ederra da oso Txorierriko euskaldun jatorren izenean Andres Urrutia Euskaltzainburuaren eskuetatik saria jasotzea. Eskerrik asko! Bizitza luzea Aikor! Aretoa giroa bezain atsegina Lehenengo aldiz Sondikara eroan zen AIKOR! aldizkariaren jaia; hain zuzen ere, hango kultura etxe dotorera. Kultura etxe horretan, antzerki saioak eta filmak eskaintzen dira normalean, baina oraingo honetan taularatu ziren aktoreak AIKOR! aldizkarikoak izan ginen. AIKOR! aldizkariaren eta Sondikako Kultur Etxearen (SKE) ibilbideak uztartu egin dira, beraz; batetik, aldizkariaren bosgarren urteurrenaren ospakizunak egin ziren eta, bestetik, luxuzko areto horren bigarren urteurrena ere bazen. Normalean beste era bateko ekitaldiak hartzen ditu SKEk, baina azkenean guztiok pozik irten ginen. “AIKOR! aldizkariaren jaia primerakoa izan zen, SKEaren baliabide guztiez baliatu zelako: zuzeneko musika egon zen, diapositiba zein bideo emanaldiak eskaini ziren, lagun batzuek eszenatokiaren gainean hitz egin zuten...”, adierazi du Unai Aurrekoetxea Sondikako Udaleko Kultura zinegotziak Bi urte bete eta gero, SKEaren ibilbidea aztertzeko ordua da. Eta azterketa pozgarria da, nahiz eta hasierako urratsak errazak izan ez. “Hasiberriak gara eta mundu osoari zuzendutako ikuskizunak ekartzen saiatzen gara, baina batzuetan huts egin dugu. Bidean ikasten gabiltza”, aitortu du Aurrekoetxeak. Dena dela, helburuekin bete-betean asmatu dute. “Xede bikoitza dugu: alde batetik, herriko kultur taldeei zabaltzen diegu SKE, saioak edo entseguak egiteko. Bestetik, gure asmoa antzerkirako zaletasuna piztea da. Eta txorierritarrei zera jakinarazi nahi diegu: asteburuetan ez da beharrezkoa Bilbora joatea kultura ikusteko; etxetik gertu, Sondikan bertan, ekitaldiak eskaintzen ditugu”. Egitarau oparoa ikusteko aukera dago Sondikan umeei begira, batez ere. Lau filmak eta antzezlan pare batek hilean osatzen dute, bataz beste, eskaintza nagusia. Horietatik aparte, hitzaldiak, ikastaroak edo saio bereziak antolatzen dira Gabonetan zein herriko jaietan, eta horretarako, auditorioaren ondoan erabilera anitzeko gela eta bi ludotekak lagungarriak dira. Muga bakarra aretoaren ezaugarriek beraiek jartzen dute. Izan ere, “eszenatokia oso handia ez denez, ertaineko emanaldiak baino ezin ditugu antzeztu”, esan du Aurrekoetxeak. Ikuskizun handiekin batera, zuzeneko musika botatzen du faltan Aurrekoetxeak. “Abesbatza, gitarra-joleak eta harizko laukoteren bat etorri da. Hala ere, pop edo rock kontzertu batek ez luke zentzu handirik izango. Bertan jendeak dantza egiteko lekua izan behar du, baina SKEn ezinezkoa da, eserlekuz beteta dago eta. Gustuko genuke horrelako areto bat izatea, baina SKEarekin aukera gehiago betetzen ditugu eta poz-pozik gaude”. SKEk eskaintzen dituen etekinak kulturalak dira, noski. Diru aldetik, ordea, ez da batere errentagarria, Aurrekoetxeak azaldu duen bezala. “Filma bat jartzegatik 400 euro inguru ordaindu behar dugu. Horri teknikariak kobratzen duena zein garbiketa gaineratu behar zaizkio. 192 eserleku daude eta ikusle bakoitzak bi euro ordaintzen du. Beraz, pelikula guztietan aretoa beteko bagenu ere, ez genuke nahikoa diru gastu guztiak pagatzeko”. Hala ere, Udalak ez du nahi txartelak doan izaterik. “Bestela, jendeak ez luke lekua errespetatuko”, argudiatu du Kultura zinegotziak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).