Iñaki Berazategi, kazetaria: “Erdi egia asko ko

Aikor aldizkaria 2007ko ots. 15a, 12:21

EITBk 1936: Memoria de la Guerra en Euskadi liburua argitaratu zuen Durangoko Azokarako, Gerra Zibilaren 70. urteurrena dela-eta. Liburua Iñaki Berazategi kazetari larrabetzuarrak idatzi du Javier Dominguezekin batera. Bertan gerraren gaineko erreportajeak eta lekukoen testimonioak batu dituzte. Nola sortu zen liburua idazteko aukera? Pasa den urteko martxoan gerraren gaineko erreportajeak hasi nintzen egiten irratirako, eta 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpearen 70. urteurrena dela-eta, Radio Euskadik gerran bizi izandako esperientzia kontatzeko gonbidapena luzatu zien entzuleei. Erreportajeak eta testimonioak liburuan uztartzea proposatu ziguten. Liburuarekin batera CD bat argitaratu da, zeinetan irratian emandako erreportaje batzuk batzen baitira. Zein helburu du lanak? Euskal Herrian, zoritzarrez, ez dugu gure historia ezagutzen. Nire adinetakooi kontatu diguten gerraren bertsioa ez da zuzena, eta, beste alde batetik, kontu hori ez dugula arakatzen jarraitu behar ematen du gaur egun. Duela urte batzuk Gerra Zibilaren errebisionistak liburuak argitaratzen hasi ziren, eta horietako batzuek arrakasta handia izan dute, gainera. Baina gerra ikuspuntu neofrankista batetik tratatu dute, eta, nire ustez, beldurgarria da, jendeak guri eskolan saltzen saiatu ziren gerraren gezurrezko bertsio bera barneratuko duelako. Gure lanak helburu dibulgatzailea du. Publikoak ezagutzen ez dituen gure historiako datuak kontatzeko aukera eman diegu hainbat historialariri. Historia ezagutu behar dugu, akats berdinak ez egiteko. Gezur asko esan digute? Gezurrak eta erdi egiak, batez ere. Urteetan zabaldu den bertsio ofizialaren arabera, gorriek suntsitu zuten Gernika, eta Franco hil osteko gobernu batek ere ez du oraindik horren kontrakoa esan ofizialki. Zalantza asko daude bonbardaketa horren gainean, eta nik, Francoren gauza izan baino, alemaniarren gauza izan zen susmoa dut, frankistak ustekabean harrapatu eta asuntoa estaltzen saiatu baitziren, gorriei errua botaz. Alemaniarrak Bigarren Mundu Gerran erabiliko zituzten gerra-teknikak entseatzen zebiltzan, eta aukera aproposa zuten hori… Beste alde batetik, Durangoko bonbardaketan Gernikakoan baino biktima gehiago egon omen ziren, hala ere, Gernikakoa askoz harrigarriagoa izan zen. Eta ez da kasualitatea herri osoa suntsitzea, Batzar-Etxea eta arma-fabrika izan ezik. Kalkulatuta zuten hori… Biktimei dagokienez, faltsutze asko ere egon dira. Gorpuek ez bazuten bonben arrasto zehatzik, bihotzekoa izan zutela esaten zuten. Liburuan jasotako testimonioen artean, zein nabarmenduko zenuke? Asko daude. Marcelo Usabiaga, adibidez, Alderdi Komunistako gazteen mugimendukoa zen eta borrokan hasi zen 1934ko urriko iraultzan, iheslariei Frantziara pasatzen laguntzen. Gerra Zibilean heriotza-zigorra ezarri zioten… Beste alde batetik, Ernesto Carratalá San Cristobal gotorlekuko ihesaren lekukoa izan zen… Baina badago Baionako brigadista internazional bat liburuan agertzen ez dena. Horrek Teo Francos du izena eta Gerra Zibilean ez ezik Bigarren Mundu Gerran ere parte hartu zuen. Parakaidista ingelesekin ibili zen eta Holandako Arnheim zubian harrapatu zuten alemaniarrek. Fusilatu egin zuten, baina ez zen hil. Bertako bikote batek ezkutatu zuten etxean. Zaila da lekukoak topatzea, izan ere, gehienak hil dira edo 90 urte baino gehiago dituzte. Beraz, asko garai horretan umeak zirenen testimonioak dira edo horien ondorengoenak… Txorierriko daturik agertzen da liburuan? Ez, liburua bukatzen denean, gerra ez delako oraindik Bizkaira ailegatu. Baina burdinazko gerrikoak ezinbesteko papera izan zuen, eta Larrabetzun, esate baterako, gerrako hainbat arrastok irauten dute gaur egun: lubaki-lerroak, gotorlekuak… Beste asko ere desagertu dira, utzikeriarengatik, beharbada. Nire ustez, beharrezkoa izango zen arrasto horiek katalogatzea, Gerra Zibila interpretatzeko zentroren bat zabaltzeko inoiz. Gerra ez da Bizkaira ailegatu liburuan… Ez. Erreportajeak abuztura arte egiten jarraitzeko asmoa dut. Hil horretan Santoñako Itunaren 70. urteurrena beteko da, eta itun horrek gerrari amaiera eman zion Euskadin. Emisoreari beste liburu bat ateratzea proposatuko diot; baina azken erabakia haiek hartu behar. Dena dela, Euskadiren gaineko erreportajeak ez ezik beste batzuk ere egin dira: nazioarteko brigaden gainean, Durrutiren heriotzari buruz… Duela gutxi komunikabideek gerran izandako papera eta propaganda-zinearen inguruko erreportajeak hasi ditut, eta Jose Antonio Agirreri eta Indalecio Prietori buruzko materiala batu dut, biografia-erreportajeak egiteko. Gerra Zibilak Iparraldean izan zituen ondorioen gaineko lana ere egingo dut.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).