Gotzon Barandiaran, BBK-ren taldekidea: “Gosez geldituko da jendea”

Aikor aldizkaria 2007ko ots. 16a, 15:14

Bihotz Bakartien Klubak Katamalo lana aurkeztu berri du Korrika Kulturalaren ekitaldien barruan. Larrabetzuko taldearen azken lanak Gotzon Barandiaranek idatzitako 10 poemak hartu ditu oinarritzat. Zer da katamaloa? Ez da oso hitz ezaguna; euskaraz maskara esan nahi du. Baina katamaloa ez da soilik kontzeptu fisikoa, baizik eta aukera ematen dizu askoz gauza zabalagoei buruz hitz egiteko. Katamaloa janzten dugunean, ez garena azaltzeko edota benetan garena ez agertzeko egin dezakegu: jendaurrean ez garen moduan agertzeko daukagun joera da, azken batean. Zergatik? Beldurragatik, lotsagatik, jendea engainatu nahi dugulako… Eta hain kontzeptu zabala izanda, gai asko jorra daitezke: esparru pertsonalean sartzen direnak, harreman edota egoera sozialei buruzkoak… Adibidez, testu batean lan-istripuez mintzatzen naiz. Lanpostuetan hildakoen kopurua oso handia bada ere, ohikotzat hartu, eta ez dugu ezer egiten. Gure bizitzarekin jarraitzen dugu, eta horrek hausnarketara bultzatzen nau. Beste alde batetik, Maialen Lujanbioren bertso batzuk ere agertzen dira obran. Bertan hurrengoa azaltzen du: pertsonaia publikoa den heinean, ezaguna da, baina, aldi berean, ezezaguna ere bai, jende askok berari buruz hitz egiten duelako, benetan nolakoa den jakin barik. Zerk ezberdintzen du Katamaloa Arrakalak lanetik? Oraingo honetan musika da ardatza. Nahiz eta poemak obraren oinarria izan eta nik sarrera batzuk irakurriko ditudan, kantuak dira; kontzertuak eskainiko ditugu. Katamaloa kontzeptu bezala hartuz gero, emanaldi kontzeptuala dela esan dezakegu, letra guztiek hari hori dutelako komunean. Baina, beno, kantuak diferenteak dira euren artean. Zergatik formatuaren aldaketa hori? Gure emanaldietan testu hutsak errezitatzen hasi ginen, baina geroago musika sartzea erabaki genuen, batez ere, jendaurreko ikuskizunak ere badirelako. Eta musikarik gabeko testu hutsa duen emanaldi baterako jendea ohituta ote dagoen planteatu genion geure buruari. Horrezaz gainera, liburua ere hor dago, eta poemak sakonki landu nahi izanez gero, jendeak bertan egin dezake. Beraz, guk zerbait ezberdina eskaini behar genuena, zeinak komunikazioa erraztuko baitu, agian. Izan ere, musikak laguntzen du mezua irakurleengana heltzen. Guk ere hainbat autoreren poemak ezagutu ditugu kantuen bidez. Buru-belarri zabiltzate entseguetan, pozik? Oso gustura gaude entseguetan; oso kantu onak ateratzen ari dira, gure ustez. Guretzat salto handia da, eta ordu pilo bat sartzen ari gara, dena ondo egiteko. Jendea harritu egingo dela uste dut, baina onerako. Eta gosez geldituko da; ez kantu hutsak direlako, gauza asko esaten ditugulako baizik. Dagoeneko hitzordu batzuk ditugu, emanaldiak emateko, eta denboraren poderioz, aukera gehiago aterako direla uste dugu. Emanaldia CD-an grabatzea ere izan liteke. Musikariak Alex Arregi: ahotsa, gitarrak, Venezuelako cuatroa. Aintzina Lekue: Bibolina. Gorka Mugarza: Esku-soinu handia, teklatuak. Gorka Urbizu (Berri Txarrak taldeko abeslaria): Ahotsa eta gitarrak. Nerea Urbizu: Teklatuak, kajoia, koroak. Testuak Gotzon Barandiaran Maialen Lujanbio Emanaldiak Martxoak 1: Bilboko Kalderapekon, 20:00etan. Maiatzak 8: Basauriko Ganbaran (Arizko Dorretxean), 20:00etan. Maiatzak 12: Altsasuko Iortia kultura-etxean, 20:30ean. www.katamalo.org

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).