Gorria, zein kolore polita!

Aikor aldizkaria 2007ko uzt. 24a, 14:06

Testua: Ixone Zubieta, Tximintx euskara elkartearen koordinatzailea

Zein politak lore gorriak! Zein politak marrubiak, gereziak! eta niri hainbeste gustatzen zaidan sua… Kolore beroa, alaia, bizia, erakargarria. Umeekin asko erabilia, primarioetako bat delako. Eskolako programazio gehienetan lehenengo lantzen dena, eta lehenengo ikasten dutena. Semaforoa gorri dagoenean, hari begira egoten gara une batez, askotan burua galduta eta begirada finko, sorginduta bezala. Gorria, Zein kolore polita! Hori izango al da, orain egun batzuk hondartzatik paseatzen nenbilela, jendearen azalak kolore hori hartzearen arrazoia? Kolore gorriaren sorginkeriaren eragina izango ote da? Umeak harearekin jolasten, gaztetxoak kartetan edo kontu kontari, aita-amak umetxoei begira, beste batzuk ur ertzetik paseatzen, eta beste asko eta asko eguzkia hartzen etzanda. Argi dago eguzkiak energia ematen digula eta horrela gure bateria positiboki kargatu egiten dela, baina asko eta asko edo gorrak dira, edo ez dute entzun nahi prentsan, irratian, telebistan etengabe entzuten dena, hau da, eguzkia hartzerakoan azala babestu egin behar dela. Azala gorritzearen arrazoia deskubritu dut orduan: Kolore gorriaren erakargarritasuna! Gorria, zein kolore polita!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).