Gabonen ostikada

Aikor aldizkaria 2008ko urt. 22a, 08:40

Testua: Jon Goikouria, Kazetaritza ikaslea

Gabonek heldu bezain pronto egin dute ospa. Koldar halakoak! Eskerrak haiekin batera turroiek, bazkari eta afari kilometrikoek eta argiz beteriko kale epileptikoek ere hanka egin dutela. Berriro ere martxan jarri gara. Errealitatera bueltatu gara; ‘normaltasun’ egoerara. Hamaika hilabetez bada ere, merezitako atsedenaldia emango diegu Olentzero eta bere konpetentziari, oporrek beraiek ostikada ederra eman digutelako. Olentzero gizajoa. Urteen pisua ez du pairatzen, baina, aldi berean, egia da urteek aurrera egin ahala gorriak ikusten dituela geure heroiak. Gero eta zailago du bere lanbidea: alde batetik, opari originalak eta erabilgarriak topatzea gero eta gaitzagoa da, erosteko hainbeste toki baitaude. Eta horren ondorioz, astoarekin batera zoratzen hasia da dagoeneko. Beste alde batetik, arerio berriekin gero eta sarriago egiten du topo: horren adibidea Meltxor, Gaspar eta Baltasar hirukotea da. Gainera, azken urteotan Papa Noel ere hasi da protagonismoa hartzen etxe askotan. Txorierritar batek baino gehiagok gorriz jantzitako potoloari ondo deritzola dirudi, balkoi ugaritan eskalatzen uzten baitiote neguko oporretan. Horren aurrean, Olentzero ez da gelditu eta harrez geroztik kontraerasoan dabil. Eskalada kurtsoak bukatu eta praktikak egin ditu aurten pisu, etxe zein baserri askotako balkoi eta leihoetan. Bestalde, Gabonen amaierak urtea zerotik hastea dakar. Oporretan egin diren hitz-emate guztiak betetzeko garaia dugu: tabakoa utzi, kilotxo batzuk galdu eta ikasketetan dabiltzan pertsona horiek seriotasun handiagoz jardutea, besteak beste. Urtarrila gezurren hilabetea ere bada: hasierako egunetan gogor ekiten zaio gimnasiora joateari, dietak egiteari edo tabako kutxatxoak ezkutatzeari. Baina lehenengo asteak igaro bezain pronto, kikildu egiten da jendea; borondate indar izugarria duten lau katu ohoretsu horiek izan ezik. Hala ere, baikorrak izan behar gara. Bestela, geure burua malenkoniatzea lortuko dugulako, eta ez da urteari hasiera emateko aukerarik onena. Kontutan izan behar da Gabonetako oporrek, gezurra badirudi ere, arrastaka eramaten gaituztela errutinara, eta horrek arazo larriak sor ditzake, batez ere bikoteen arteko harremanetan. Adituen esanetan, Gabonen osteko lehenengo hilabeteetan bikoteen %30a banandu egiten da, familian hainbeste denbora igaro eta gero. Gezurra dirudiela diot, lanegunen estresa eta ‘rutina’ horien beharra omen dugulako; bakoitzak bere denbora behar duelako. Zorionez, Gabonak amaitu dira, eta ‘lanari esker’, beste gauzetan entretenituta egoteko parada izango dugu. 2007an gauza asko bukatu ziren, baina ezin gara iraganean trabaturik gelditu. 2008ak gauza berri gehiago erakutsiko dizkigu, hitz-emate horiei hitza janez bada ere. Momentuz, lantxoekin batera, unibertsitateko ikasleek ate joka dituzte lehen lauhilabeteko azterketak, eta gainontzekoek gaur egungo ‘non-stop’ bizimodura egokitzearekin aski dute. Urte berri on denoi!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).