Juan Luis Goikoetxea, idazlea: “Egiak” eta ‘

Aikor aldizkaria 2009ko api. 23a, 14:57

Juan Luis Goikoetxeak oraintsu kaleratu dau anekdoten bigarren liburua, Euskaldunaren anekdotak II. Hau be Mendebalde Kultura Alkarteak argitaratu dau eta aurrekoak bezala, CDa dakar Udane Goikoetxeak editatua, irakurri ez eze entzun be egin ahal izateko. Azala modernoagoa da orain, Aritz Albaizerrek diseinatua. Liburuan ‘Goikok’ jasotako 91 anekdota agertzen dira eta, tartekatuz, beste 31 pasarte labur, Villasanteren liburutik hartuak. Anekdotak ez dira sekula amaitzen? Euskaldunen artean bizi garenean eta euskera, adibiderako, ura dala esaten badogu, uretan arrainak dira, hau da, anekdotak. Horreek arrantzatzen, batuten, ahalegindu naz. Eguneroko bizitzan dagoz, niri kontau egin deustiez: batzuk, nire ikasleek: Bakarnek, Leirek...; baita beste askok be: Gabrielek... Horreek inork kontatuko “egiak” dira, eta norberak bizi izan dituanak “egia santuak”. Horregaitik esaten da sarreran, hemen dagozala, batetik “egia” diranak, eta bestetik “egia santuak”. Hori gure lagun batek esaten dau: “Egia dok beste batek kontaukoa, egia santua dok heuk ikusi doana”. Euskera mailak eta adinak garrantzirik badabe anekdotak ulertzeko? Bai, alde handia dago. Euskal mundutik gatozenok errez jarraituten deutsagu hariari, berben jokoari... Euskera bizitik hartuta dagoz, eta euskaldunak berez-berez ulertuten ditu, askotan bigarren zentzuko kontuak dira-eta. Euskaldun barri batentzat ikasi beharreko zer edo zer izaten da, mila klitxe, esamolde... beharrezkoak diranak. Euskerea komunikatzeko tresna ez eze kultura transmisinoa be bada. Gura badogu lehengo kulturea hurrengoengana joatea, anekdotak sistema ona dira euskera ederra hurrengoei pasatzeko. Anekdoteak neurri bat dauka, eta osoan ulertuten da, esaldiren bat ulertu ez arren, zentzua errez jasoten da. Ulertuten ez danean, euskareagaitik baino gehiago da, giroa, baserri giroa, tratanteen giroa... ezagutu ez dalako. Anekdota batzuk geure aurrekoen mundua erakusten deuskue askotan, eta beste batzuetan geurea, gaur egunekoa. Ahozko euskerea idatzira pasatzeko orduan, zeintzuk izan dozuz arazoak eta irizpideak? Oker ulerturik izan ez daiten esan behar da, anekdoten erredakzinoa, estiloz idaztea neure lana dala, nahiz eta besteren batek kontatua izan; batzuetan minidiskez grabatuz batu dira herrietan; horreetan euki dot idatzira pasatzeko lorra. Arazoak badagoz horretan, hurreko berbakerea erabili gura dalako. Edozein baserritarrek edo arrantzalek deituten dau Bizkaia Irratira, baina ez da ausartuten Euskadi Irratira deituten, berarentzat urruntasun bat dagoalako. Durangoko batek edo Ondarroakoak edo Txorierrikoak anekdotea kontetan badau, liburuan idaztean, euren euskeratik ez urrunegi joatea gura da. Txorierrikoak esaten deutsunean “deurie”, inoz ipinten dot komatxo artean “deurie”, eta gero hurrengo esaldian, eta gehienetan bizkaiera estandarrean, “dabe”. Baina batzuetan, gatzari edo piperrari eusteko, “deurie” sartzen dot. Gogoa da ez urrundutea euren euskeratik; betiko euskera hori idatzira ekarri danean, ez gehiegi aldrebestutea. Liburua CD bategaz dator. Bertan idatzitakoa grabatu egiten dozue. Zergaitik? Euskaldun asko edozein uritan, edo Txo-rierrin berton, sakabanatuta bizi da. Batzuek ez dabe euskaldun talderik inguruan, euren euskerea entzun eta alkarregaz bizitzeko. Holako CD baten, oraingo euskera bizia eta lehengoa be entzuten da; esaterako, Frai Bartolomeren anekdotea orain 200 urtekoa. CDa beharrezkoa da; bakarrean irakurria ez dogu entzuten eta gaurko gazteen euskereak askoz agiriago dauka erdal doinua geure lehengoak baino. Hau da modu bat, lehengo azentuak-eta jaso ahal izateko. Holako liburuek badabe salmentarik? Bizkaieraz atarateak muga jakin bat dauka; gero, erabilten dozun gaia be aintzat hartu behar da, pasadizoak, interesgarriak dira hainbesterentzat. Euskerazko liburua –irakaskuntzakoa ez danean- ondo dabil 1000 ale salduten diranean, eta liburuen salmenta hain behera etorri dala ikusita, honen erako liburua ondo dabil lehenengo urtean 300 ale saldurik. Beste kontu bat da, ostean interneten bidez zabaldutea-eta. Nork irakurtzen ditu liburu mota horreek? Aurreko liburua irakaskuntzan be erabili dana badakit, batez bere alfabetatze mailetan edo euskaldun barriak maila bat daukanean. Beste alde batetik, holako liburua euskaltzalea danak irakurten dau, eta euskeran bertan zeozer barria topetan dabilenak. Honetan be ahalegindu naz euskerearen ederrak batuten. Kontestua anekdotea da, baina horren barruan euskera ederra doa, eta euskaltzaleak beti topetan dau mila adibide eta kontu jakingarri. Ahozko euskerearen ederrak datoz pasadizo benetakoen corpusean eta etorri be irribarrerako ikutuak gozotuta. Liburuaren aurkezpena egiteko ideiaren bat pentsatuta ei daukazu. Aurkezpena maiatzaren 14an izango da Lezamako Uribarri Topalekuan, arratsaldeko 8etan. Bertan anekdotak kontatu deustezan lagun batzuk be egongo dira. Jubilatuta zagoz, liburua amaituta, proiekturik badaukazu? Ez proiektu gitxi! Irakaskuntzaren ganean be idatzi gura dot. Hainbeste urteko esperientzia, norberak ezagututako irakaskuntza, metodologia, gaztearen arazoak, adibideak emonta..., hori guzti hori liburu baten azaldu gura dot. Bestalde, idazteko be mila gauza ditu norberak, urtero, gitxienez liburu bat. Baina beste alde batetik lagunei ezetz esatea gatxa da. Gu hiztegigintzan ibili gara beti, eta iaz eta aurten hiztegiari dedikatu deutsat ordu piloa, ze gure 3000 Hiztegia eta, amaituten ez diran lanak dira. Gero, Mendebalde Kultura Alkartean be argitaratzen dot, Karmel aldizkarian be bai, Euskaltzaindiko Jagon sailean be badihardut... Orain astia daukat gauzak lehen baino sakonago ikertzeko. Nobela moduan idatzi beharra be sentiduten dot, ze inori esan eta inor animatu idazteko eta neuk idatzi ez, hori ez dot egingo, betebeharra eta gogoa sentiduten dot, tokatu egiten jat.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).