Erromeria jesarlekuan

Aikor aldizkaria 2010ko aza. 18a, 15:03
Testua eta argazkiak: Sabin Arana
Aurreko baten aitamena egin genduan Guerra-Gaztelu Larrabetzuko jauregiaren gainean (gaur egun Icaza jauregia legez ezagutzen dana). Halanda be, oraingo honetan etxeko beheko solairuan, sarreran, lehen egoan jesarleku bitxia eukiko dogu hizpide. Etxean bizi zanak bere garaian esan euskun legez, jauregiko ugazabak beste nonbaiten erosita ekarri eban Larrabetzura; Durangaldean, beharbada. Altzaria XX. mendearen erdialdean bihurtu ei zan etxeko apaingarri. Jesarlekuan irudi xume bat egoan grabauta, baina oso adierazgarriena zana. Egileak tokiko erromeriak irudikatu zituan irudi horretan, eta gaiaren interesak artikulu hau idaztera animau gaitu. Jesarlekua zatika eta argazkika aztertuko dogu, eta hango irudia zaharra izan arren, artisauak adierazo gura ebana guztioi ezaguna egingo jakula uste dogu. Protagonisten erropeari jagokonez, emakumezkoek, tabernariak zein dantzariek, burukoa eroiela aitatzekoa da, baita gona luzea amantalagaz be. Burukoen itxureagaitik, horreek nahiko zaharrak zirala esan daikegu, guk ezagutu doguzan apaingarriek beste itxura bat ebelako. Era berean, garai hatan neska gazteek ulea solte eroaten baeben be, zapia buruan ebela agertzen ziran irudian. Gizonezkoek txanoa, jakea eta praka laburrak, belauneraino ailegaten ziranetarikoak, eroiezan. Eta apaizak betiko jazkera luzeaz gainera, joan dan mendearen erdira arte ohikoak izan ziran txanoetako bat eroian. 1. argazkia: Jesarlekua egoera onean egoan eta ha egiteko material ona erabili ebela emoten dau. Altzaria artisau edo arotz xume batek egin ei eban, baina gure ustez ondo baino hobeto lortu eban bere helburua: erromeria irudikatzea. Jesarlekuaren goiko aldean biribil klasikoak landu zituan apaingarri, eta bitxikeria legez, txakur bat dantzari baten atzean. 2. argazkia: Altzari biak ez egozan baizen ondo apainduta. Dirudienez, garaiko ugazabak etxe honetara ekarten eban bera bizi zan etxean sobra egoana. 3. argazkia: Esker aldean eleizea dago; eta horko atarian, abadea. Txistularia eta atabalaria aurreskua joten dabilz, eta dantzariak neskaren aurrean egiten dau dantzan. Neskeak abanikoa dau eskuan, eta harro dago, gaztea omenaldia egiten ari jakolako. 4. argazkia: Eskematikoki bada be, honeek ikusi daikeguz irudiaren zati honetan: txosnea, zerbitzaria (anderea dana), bezeroa eta hainbat erako pitxerrak. Emakumearen atzean ontzi handi bat dago, edalontziak garbitzeko, beharbada. 5. argazkia: Kasu honetan, dantzariak eskutik helduta agertzen dira. Gizonek hankea dabe altzauta, eta emakumeak beste era bateko dantzea egiten dabilzala emoten dau; dantza estatikoagoa. Artisauak dantza mueta hori be irudikatu gura eban, agian.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).