Larrabetzuko eskolen historia laburra

Aikor aldizkaria 2011ko mar. 23a, 15:52
Testua: Sabin Arana; argazkia: S.A. eta Jon Goikouria/ Argazki oina: Hau Indalezio Ojangurentarrak 1919. urtean ateratako argazkia da. Eskola Andra Mari eleizari egoan atxikita, eta umeek kalea erabilten eben jolastoki. Argazkikoa XIX. mendean uriak egin eban eskolea da. Herriko eskola barria altzau zanean, etxea katekesia emoteko erabili eban eleizak, baita antzerkia eta zinea emoteko be. Ondoren, 60. hamarkadatik hona gaztetxe legez funtzionaten dau. Eraikuntza xume honek bere funtzinoa bete dauela esan daikegu.
Herri baten garapenaren erakusgarri eskolea dala esango geunke. Neurri batean edo bestean, bizigune guztiak ahalegindu dira nolabaiteko ikasketak antolatu eta aurrera eroaten. Herri xumeetan, jakina, nekez lortzen zan, baina horren beharra igarri egiten eben biztanleek. Larrabetzu azken herri honeen artean kokatu beharko geunke. Beraz, halako kasuetan emon ahal zana emon eban eskolak. Eleizgizonak izan ziran lehenengo irakasleak, eta ikasle moduan baserri sendoetako bigarren edo hirugarren semeak izaten ebezan. Oinarrizko ikasketak egin ondoren, abade-bidea hartzen eben batzuek. Baina gehienek bertan behera uzten ebezan ikasketak, zenbakiak eta letrak ezagutuz nahikoa zalakoan, edo diru falteagaitik, beharbada. Halan be, baegoan beste hirugarren bide bat dirua ebenentzat. Halan, historian, Larrabetzun ez dira bi edo hiru eskribau falta izan. Esate baterako, eta dokumentuetan jaso dan legez, Zugasti familiako bigarren adarrekoak eskribau ibili ziran XIV. mendetik XVIII. mendera bitartean. Eskolearen historiagaz aurrera jarraitzen bada, apaizgorako ikasle bi egozala irakur daikegu 1602. urteko zerrendan: Domingo Erkinigotarra eta Joan Olea Olazabalagatarra. Beste alde batetik, Loroñotarra abade benefiziaduaren etxean hamar lagun egozan, eta horreetako zazpi 14 urte ingurukoak ziran. Gure ustez, argi dago lagun horreek ikasleak zirala, gerora Alcala de Henareseko unibersidadera ikastera joango ziranak, beharbada. Bizkaiko Jaurerriak diruz laguntzen eutsan unibersidade horri. Maisuen eta eskolearen lehenengo erakunde ofiziala 1607. urtean eratu zan. Erakundea fundazino moduan sortu zan, osaba-iloba honeek bultzatua: Domingo Oleatarra Jaeneko eleizearen hornitzailea eta kanonikoa, eta Pedro Oleatarra lizentziadua. Oleatarrek 600 dukat itxi eben, maisuari diru horretatik ateratako errentakaz ordaintzeko. Nazionala eta Aldundiarenak Eskolea Sarrikoleatarrek (Oleatarren senideak ziranak) eta uriko kontsejuak kudeatzen eben alkarregaz, biak eskolearen patroiak ziralako. Baina, hasieran, dirua Sarrikoleatarrek erabilten eben, eta horreek be ordaintzen eutsien maisuari. Ondoren, 1641. urtean, Domingo Sarrikoleatarrak erabagi eban ardurea uriko kontsejuaren esku ixtea, baina familiak jarraituko eban maisuaren hautaketan parte hartzen, patroi gisa. 1673. urtean, uriak 350 dukat hartu eban diru horretatik, Garziarena (Garzia Loroñorena) eritxan etxea erosteko, hori egoitzatzat eta herriko tabernatzat erabili nahi ebelako. Handik aurrera, uriak beti ordainduko eutseen maisuei, eta azken horreen hautaketan Sarrikoleatarrek parte hartzen jarraitu ahal izango eben. Maisuak berak topau behar eban eskola non emon, eta klaseak bera bizi zan etxean bertan izaten ziran normalean. Egoera horrek uriko eleiza barria eregi zan arte iraun eban horrela. Eleizearen aldamenean nahiko eskola xume bat altzau zan, Zugazti familiaren adar nagusiko eta Sarrikolea familiako lurretan hain zuzen be. Eskolea txiki lotu zan, garai hatan neskak eta mutilak alkarregaz egozalako klasean, eta 1862. urtean beste eskola bat eregi behar izan zan (Hori bai alkartea dagoan eraikina). Eskolea leku berean altzau zan, baina handiagoa egin eben eta neska eta mutilak banandurik ipini ziran. Gerra zibilaren aurreko urteetan beste eskola bi eregi ziran Larrabetzun: bata, Elizalden; eta bestea, Alaio auzoan. Azken honeek Foru Aldundiko eskolak ziran, eta izen horregaz ziran ezagunak; uriko eskoleari “nazionala” esaten jakon. Gerra ostean, guztiak pasau ziran “nazionalak” izatera.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).