Sarria-Etxebarri edo Pikene

Aikor aldizkaria 2011ko urr. 21a, 09:37
t: Sabin Arana
Aspalditik gabilz herrikideei antxinako eraikuntzak ezagutzera emon nahian. Kasu honetan badakigu Larrabetzuko etxea zehatz-mehatz noiz eregi zan, gailurrari eusten deutsan hagan eregite-urtea azaltzen da-eta: 1605 edo 1615. Sarria leinu-etxeko lurretan egin zan. Beraz, bere hasierako izena eta kokapena kontuan hartuta, esan geinke Sarriatar sendikoren batek altzau ebala, ugazabek abizena hainbat aldiz aldatu baeben be. Aitatu beharra dago Sarriatarren lur-eremua Larrabetzuko beste leinu-etxe bik –ospetsuenetarikoak biak– inguratzen ebela. Alde batetik, Zugazti leinuaren adar printzipaleko lurrak egozan, azkenaldian Malpika abizenaren ondorengo bezala ezagutu dana; eta bestetik, Zugazti leinuaren bigarren adarrekoaren lurrak, eskribauen leinukoak, hau da, Urtea-Sagasti bezala edo Inone izenagaz ezagutzen dan baserria. Sarria-Etxebarri edo Pikene etxeak aldaketa nabarmenak euki ditu. Adibidez, aurrekaldeko sarrera-atea ez dago erdialdean, eta etxea altzau zan garaian ez zan ohikoa halakorik egitea. Beheko solairuan kortea edo ukuilua egoanez, pentsau geinke atea egoera honetara moldatu ebela eta horregaitik aldatu ebela lekuz. Era berean, leiho bat falta dau lehenengo solairuan eta, dakigunez, garai haretan egindako eraikinetan oreka mantentzea ezinbestekotzat joten zan. Edozelan be, ugazabek orekari erreparau barik egin ohi zituen aldaketak eraikinetan, euren beharrizanei erantzuteko; gaur egun egiten dan moduan. Beheko solairua ganadurako egoan egokituta; eta lehenengo solairua, familiarentzat. Bigarren solairuan ganbara edo uzta-biltokia egoan. Gure inguruan ez dago hau bezalako etxe askorik, ezta hain altuak diranik be. Normalean etxe bajuagoak altzaten ziran, beheko solairuan sukaldea eta gela bat edo bi ebezanak. Ondorioz, pentsau geinke hau familiako pertsonaia printzipalaren etxea izan zala. Ugazabak bitan banatu eban etxea XVIII. mendean, errentan jarteko asmoa ebalako. Halanda be, etxea abandonauta itxi eben urte batzuetan zehar, eta Jose Manuel Aretxaga kapitainak, Mexikon bizi zanak, enkantean jarri eban 1815. urtean. Etxea Asuatarrek erosi eben. Hareek beste etxe bat eregi eben XIX. mendearen erdialdean, Pikena txikia, eta etxe nagusia konpondu be egin eben.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).