Jaiak eta zezenketea

Aikor aldizkaria 2011ko abe. 15a, 15:11
Testua: Sabin Arana
1. argazki oina: Bilboko San Anton enparantzan ipinten zan zezen-plazea azaltzen jaku irudi honetan. Kasu honetan, heziak burdinazkoak badira be, pentsa daikegu Larrabetzun eta orokorrean XVII. mendean zurezko hesiak erabilten zirala. Argazkia XVIII. Mendeko margoa da, eta han toreatzaile profesionala agertzen da. 2. argazki oina:Argazkian Elizaldeko ingurua agertzen da, jai-ospakizunak han antolatzen ei ziran. Argazkia XX. mendearen erdialdean egindako margoa da. Gatxa da kistautasun aurreko ohitura ludikoak idatzita aurkitzea, eta arkeologiak erakutsi deuskuna be ez da beti oso zehatza izan. Baina Larrabetzuri jagokonez, behintzat, badakigu Elizaldeko fabrikaren kontuen liburuan eta Uriko Kontsejuaren liburuan azaltzen diran XVII. mendeko datuak zehatzak dirala. Mende horretan, eleiza eta haren ospakizunak ziran nagusi jaietan. Elizalden, esate baterako, Medel eta Zeledon martirien eguna ospatzen zan, eta Egun Santurako gorde-altara berezia eregiten zan, “Monumentua” eritxana, bertan altarako jauna jarteko. Altara honen edertasunak sortzen ei eban jai giroa. Gainera, ha urtero gero eta ederrago egin behar zan altarea zan. Urian, barriz, Andra Mari eguna, Gorpuzti-eguna eta Egun Santua ospatzen ziran, ekimen honeek tanbolinteruek be alaitzen ebezala. Horrezaz gainera, gudarostea antolatu behar zanean, alardea egiten zan. Hau da, herritarrei deia egin eta armadunen zerrendea egin ostean, kapitaia eta abarrekoak izendatzen ziran. Beste alde batetik, bai Elizaldeko Emeterietan, bai Uriko Andramarietan zezenketea antolatzen zan. Horretarako, eta kontuen liburuetan jasotako ordainketan azaltzen danaren arabera, zezen bilaketa egiten zan. Era berean, zurezko hezi mobikorrak sortzen ebazan garraio- eta muntaia-gastuak be jasoten ziran liburuetan: Emeterietan, azpiegiturea Elizaldera eroateak ekarzan gastuak, zein Andramarietan, ha Urira bueltatzeak ekarzanak. Ekimenari “zezena txuliatu” edo “zezenka” esaten jakon. Sokamuturreagaz zerikusia ebala uste dogu, mende horretan ez zalako zezena hilten. Baina egun baten lagunak beroegi-edo ibili ei ziran zezenagaz eta animalia hil eben. Hareek aparteko ordainketea egin behar izan eben, eta horregaitik dakigu garai hatan solasaren helburua ez zala zezena hiltea. Era berean, gertaerak argi adierazoten deusku bizilagunen indarkeria, gaur egun eztabaida bizia sortzen dauan gaia dana. Larrabetzun ez zan XVII. mendeko toreatzaile profesionalen inguruko daturik batu; horretarako, XVIII. mendera jo beharko genduke. Toreatzaileak Uriak edo Elizaldeko fabrikak dirua ebenean ekarriko ebezan. Mende horretan be zezena ez ebela hilten uste dogu. Antza danez, ekintza honeek Zubitalde deritxon gunean izaten ziran, garai hatan oraindino be harrizko zubi bakarra ebana. Zezen-plazea Zubibarri moduan ezagutzen dogun inguruan altzaten zan. Elizalde auzoan, barriz, bolalekuaren inguruan ipinten zan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).