Gorpuak bidea egiten eban

Aikor aldizkaria 2012ko ots. 22a, 13:58
Artolako errotea, eta Larrabetzuko Uriaren eta Galdakaoko Elizalderen arteko gatazka luzea, usadioak eta ohiturak. Testua eta argazkiak: Sabin Arana
Larrabetzuko Uriko kontsejuak errota bat eregitea erabagi eban XVI. gizaldiaren hasieran. Baina errekak ez eban aukera handirik emoten bere lurretan, eta errotea ipinteko tokirik aproposena Galdakaoko lurraldean topau eben. Eta, gainera, topauko lurren ugazaba Larrabetzukoa zanez, proiektuagaz aurrera egitea pentsau eben. Garai hatan tirabirak egozan Urien eta Lur Lauaren artean, eta gatazketatik Uriak atera ohi ziran irabazle. Hori dala-eta, Larrabetzuko Uriaren eta Galdakaoko Elizalderen arteko auzia epaiketara eroan eta epaia Uriaren aldekoa izan zan. Era berean, Uriak eztabaidea euki eban errotea jarri gura eban lurraren jaubeagaz, harek be bere errotea eregi gura ebalako. Gatazka horretatik be irabazle urten zan Uria. Baina orrialde honetara ekarri doguna ez zan egun bitako auzia izan, baizen eta 100 urte pasa ostean eztabaidak artean jarraitzen eban. Besteak beste, auzia jaso zan agiri-moltsoan arakatzen genbilzala ohitura zahar baten barri euki dogu; ordukoa zan eta ia gaurkoa dan ohitura edo usadio baten barri. Izan be, ohiturea lege bihurtzen da, eta Artolako erreka-zati hori ezin ebala bereganatu ikusita, Galdakaoko Elizalde trikimailu bategaz saiatu zan, ondoren kontauko deutsuguna. Errotako maizterra, Galdakaokoa zana, hil egin zan eta gorpua prozesinoan joiala Galdakaora eroatea erabagi eben, han ehortzeko. Baina urikoek euren asmoen barri euki eben. Ezpateari heltzen eutsiela, bai kontsejukoak, bai beste biztanle batzuk agertu ziran errotan, gorpua handik eroan ez eien, ha Elizaldera eroaten baeben, errotea be hango ondasuna zala adierazoko ebalako. Nahiz eta Galdakaoko Elizaldek Uriak erabilitako indarkeria argudiatu, ez eben gorpua handik eroatea lortu. Goian aitatutakoa usadio eta ohituren barruan hartu behar dogu, zalantzarik ez. Halanda be, “gorpuaren indarra” adierazoten eban beste ohitura bat be azalduko dogu, emondako azalpenagaz, gorpuak lurraldea markau egiten ebala argi gelditu bada be, harek eban beste eragin bat ezagutu dogu-ta. Halan, zerraldoa kanposantura eroan behar zanean, lur-soloetako jaubeek kontu handia eukiten eben batetik edo bestetik eroatea izterakoan, gorpua nondik eroan, bide edo lur hori bide komunala edo herri-bidea bihurtzen zalako betiko. Bestetik, ezaguna da, ari garen garaian, uri-batzarrak kanposantuan egin ohi zirala, eta kanposantuak eleizaren inguruan edo eleizaren barruan egozan. Nolanahi be, ohiturak dino batzarrok eleizaren inguruko aterpean be egiten zirala. Esate baterako, Larrabetzuko Uriko eleiza ingurua ez da garai hatakoa, XVIII. mende bukaerakoa baizen, baina Elizalden gaur egun be ikusi geinke eleizpeko mahai ingurua, zeinetan batzarrak oraintsu arte egin baitira. Azkenik, esan geinke garai hatan begirune aparta ebela hildakoenganako eta arbasoenganako, eta, gaur egun ez bezala, kanposantuak ez zirala toki ilun eta tristetzat hartzen; alderantziz, herri-bilguneak ziran. 1. argazki oina: Artola errota, Galdakaorako bidean. Ha Larrabetzuko Uriaren errotea izan zan XIX. mendera arte. Mende horretan saldu eben, Independentziaren gudan egindako zorrak kitatzeko. 2. argazki oina: Antaparea azaltzen da, gaur egun be ikusi geinkena. 3. argazki oina: Argazkietan gure egunera arte mantendu diran tramankuluak azaltzen dira, oso ondo jagon diranak. 4. argazki oina: errotaren presea dago, Korridorearen obrak hasi baino lehen egoan moduan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).