Umeen mausoleoa

Aikor aldizkaria 2012ko aza. 22a, 14:54
Testua eta argazkiak: Bestorrene
Derioko kanposantu handi eta ederretik –haren jaubetzea Bilbok dau- ibili gara paseoan. Hainbeste panteoi ikusgarriren artean, batek emon deusku atentzinoa. Handia da, berezia. Eta argi dago ez dala persona edo familia batena, harrietan hainbat izen dagozalako zizelatuta. Merezi dau panteoiari arreta handiagoa eskaintzea eta bere historian sakontzea. Ehun urte egingo dogu atzera eta 1912. urteko azaroaren 24ra joango gara. Zabalguneko zirku-antzokian, Bilbon, saio berezia egoan nota bikainak atera ebezan eskolako ikasleentzat. Pelikula bat emoten eben eta aretoa jentez bete zan ha ikusteko. Zergaitia oso argi ez dagoan arren –pelikulan bertan agertu zalako, beharbada-, baten batek “sua!” oihukatu eban eta alarmea biztu zan. Astrapalan, danak ahalegindu ziran kanpora ateraten, baina urteera bakarra egoan. Urteerea eskilara estu bat zan, eta handik sartu ezin ziranez, alkar zapaldu eben. Ondorioa oso larria izan zan: 44 ume eta nagusi bi hil ziran, zapaltzeen eraginez eta asfixiaz. Tragedia ez zan edozelangoa izan orduko Bilborako. Hileta ikusgarriak egin ziran, 40.000 lagun inguru hurbildu ei ziran hiletotara. Udalak oroigarria egitea erabagi eban eta proiektua udal arkitektoei agindu eutseen. Beharrak 1913. urtean hasi ziran eta mausoleoa 1916. urtean inaugurau zan. Proiektuaren burua Ricardo Bastida arkitekto ezaguna izan zan, besteak beste, Bilboko Alhondigea eta Sukarrietako udalekuak egin zituana. Eskulturak Arte eta Lanbide Eskolako ikasleek egin ebezan, Higino Basterraren gidaritzapean. Sinbologiaz beteta Panteoia aztertzen gabilzala, gauza batek harritu gaitu: oso erlijino-motibo gitxi dagoz eta mitologia klasikoa da nagusi. Ahaleginduko gara sinbologian sakontzen eta motiboetariko batzuk azaltzen. 1. Brontzezko erliebeak “itxi umeak nigana hurreratzen” esaldia dakarku gogora. 2. Ezkerreko zutabea apurtuta dago. Era honetan hildakoak oso gazteak zirala adierazoten da. 3. Hegoak eta bizar luzea dituana Kronos jainkoa da. Eskuan hondarrezko erlojua dau, gure bizitzaren denporearen sinboloa dana. 4. Emakumeak mina adierazoten dau. 5. Sarkofagoan umeak azaltzen dira, jantzi klasikoak eta ohiko jarrerak dabezala. 6. Eskilarek eternidaderako bidea adierazoten dabe, baita tragedia eskilara baten gertatu zala be. 7. Omegea alfabeto grekoaren azken hizkia da: amaierea, heriotzea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).