Zamudio-Zugasti eta Txorierri (I)

Aikor aldizkaria 2013ko urt. 21a, 13:17
Testua eta argazkiak: Sabin Arana
Besteak beste, Zamudio, Asua, Martiartu, Getxo eta Lezama ziren leinu nagusiak Asua bailaran, 15. gizaldian. Larrabetzuko Zugasti leinuak eta Zamudioko leinuak 1500. urte inguruan egin zuten bat, Hordoño Zamudiotarraren eta Pascuala Zugastitarraren arteko ezkontzaren ondorioz. Bestalde, aipatu beharra dago Lezama leinuak beste bide bati ekin ziola. Leinuaren adar bat Larrabetzun finkatu zen, Gaztelako erregearen gudaroste hornitzailea bihurtuko zena; beste adarra, beharbada nagusia zena, Butroi leinuak hartu zuen beretzat. Leinu honek titulu hauek zituen: Butroi eta Muxikako jauna, Ciudad Realeko dukea, Aramaioko kondea eta Eskilatxeko printzea, beste batzuen artean. Era berean, lur-eremu handiaren jabeak izateaz gainera, Olazarre burdinola eta Errotabitxi errotaren jabeak ere baziren. Zamudio-Zugasti leinuaren historia zenbait ataletan emango dizuegu ezagutzera eta oraingo honetan lehenengo kapitulua aurkeztuko dizuegu. Lehen aipatu dugun Pascuala Zugastitarra Martin Iñigez Zugastiren alaba izan zen, zeina XV. mendearen amaieran Bizkaiko foru alkatea izan baitzen. Zamudiotarrak ere baziren foru alkatetzan ibiliak. Hordoño eta Pascuala Zamudiotorren bizi ziren eta oinordeko Juan Zamudio eta Zugastitar eduki zuten. Azken hau Leonor Abendaño eta Ganboatarrarekin ezkondu zen. Emakumeak ezkonsari ederra eraman zuen Zamudiora, Zamudio-Zugasti leinuaren ondasunen parean egoteko. Senar-emazteon semea eta oinordekoa, Hordoño Zamudio eta Zugasti, Maria Frantziska Martiartu eta Getxotarrarekin ezkondu zen, eta, horri esker, berriro ere nabarmen handitu ziren leinuaren ondasunak. Hala, Larrabetzu eta Asua bailarako lur eremu zabala haienganatu zuten. Baina familia bien arteko ituna haratago joan zen. Izan ere, Hordoñoren ama eta Frantziskaren aita ezkontzea adostu zuten, biak une hartan alargunak baitziren. Are gehiago, Ageda Frantziskaren ahizpa eta Martin Hordoñoren anaiaren arteko ezkontza ere adostu zuten, azkenean hura burutu ez bazen ere. Aliantzak kontuan hartzen baditugu, pentsa dezakegu familia biek nolako ondasun-bilketa egiteko asmoa zuten. Maria Frantziska, Hordoñoren emaztea, laster hil zen eta bikoteak eduki zituen seme-alabengandik Antonia izan zen ezkontzeko aukera eduki zuen bakarra. Beraz, hau oinordeko bihurtu zen. Antonia Lekeitioko Otxoa Urkizarekin ezkondu zen, baina ez zuten seme-alabarik eduki. Otxoa Urkiza pertsonaia ospetsua izan zen, eta Sevillako Indietako Kontratazio Etxeko epaile eta kontulari nagusi ibili zen. Hordoñok, bere aldetik, alaba bat eduki zuen ezkontzatik kanpo eta hura ere agertzen da agirietan. Antza denez, Hordoño eta Mari Iñigez Goikooleatarra elkarrekin ibili ziren gaztetan eta harreman horretatik Petronila Zamudiotarra jaio zen. Hordoñok alabatzat aitortu zuen umea eta Goikoolako dorretxean Zugasti leinuaren armarria ipini zen, zeina oraindik ikusgai baitago. Jarrera honetatik, garai hartako handikiek ezkontzatik kanpoko harremanak arazo barik onartzen zituztela atera dezakegu ondorio. Leinuentzat abantaila zen ahaidetasunezko elkarrenen arteko lotura zabala sortzea, eta hori ezkontzatik kanpoko seme-alaben bitartez ere lortzen omen zuten. Petronila Pedro Sarrikoleatarrarekin ezkondu zen eta haien semea, Domingo Sarrikolea eta Zamudiotarra, priorea izan zen Sevillako Kontratazio Etxean. Antonia bere izeko-ordeak agian zerikusia izan zuen izendatze horretan. Hurrengo emanaldian Zamudio-Zugasti leinuaren gorabeherekin jarraituko dugu eta, beste batzuen artean, Hordoñoren bigarren eta hirugarren ezkontzak edukiko ditugu hizpide. 1. argazki-oina: Irudian Larrabetzu hiria 1500. urtean zelan izan zitekeen irudikatzen ahalegindu gara, eta, horretarako, garai hartako agirietan agertzen diren datuez baliatu gara. Errebale eta Etxeoste inguruko eraikuntzetatik kanpo jarri dugu Zugasti leinuaren dorretxe berria; eta haren aldamenean, Sarrikolea burdinola. Dorretxearen kokapena kontuan hartzen badugu, baliteke hura hiria baino lehenagokoa izatea, Lezamarako bidea ere bere aldamenetik pasatzen baitzen. 2. argazki-oina: Zamudiotarren dorretxea (Zamudiotorre) nabarmen aldatu da denboraren poderioz. Hordoñok unean uneko maizterrei alokatu zien dorretxearen inguruan zegoen lur-eremu zabala, eta ondorioz eraikina baserritzat erabili zen mendeetan. Ondasun handiak zituen arren, Hordoñok dirua xahutzeko gaitasun handia ere bazuen, eta horregatik ez zuen baliabide askorik jarri dorretxea mantentzeko. Udal liburutegia Zamudiotorren dago gaur egun. 3. argazki-oina: Martiartu dorretxea eta Zamudiokoa oso eraikin antzekoak dira, beraz, garai berean altxatu zirela pentsa daiteke. Dorretxeak defentsarako eraiki ziren eta ugazabak nahiko ondo zaintzen zituzten han bizi ziren bitartean. Hala ere, ez ziren erosoak eta leinuen arteko gatazka baretzen joan zen heinean, dorreek errentan eman ziren. Haien funtzioa ez ezik itxura ere galdu ohi zuten, maizterren esku hainbat urteetan egotearen ondorioz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).