Zamudio-Zugasti eta Txorierri (II)

Aikor aldizkaria 2013ko ots. 25a, 14:59
Aurreko alean, Zamudio-Zugasti leinuaren historia kontatzen hasi ginen, eta zenbait ataletan aurkeztuko genizuela aipatu genuen. Esku artean duzue bigarren atala. Esan bezala, ohikoa zen leinuek haien arteko aliantzak ezkontzen bidez ixtea, izan ere, hala lortzen zuten haien ondasunak handiagotzea. Hordoño Zamudio eta Zugasti Maria Frantziska Martiartu eta Getxotarrarekin ezkondu zen, baina Maria Frantziska hil zen eta Hordoño Bilboko Petronila Zurbano eta Zurbarandarrarekin ezkondu zen bigarren aldiz. Petronilak 15 urte zituen. Gorabehera handiko ezkontza izan zen, eta, agirietan ondo azalduta ez dagoen arren, Bizkaiko korrejidorea ezkontza saihesten ahalegindu zen. Hordoñoren aberastasun-gosearen aurka egitearren, badaezpada, edo Petronilaren gurasoek horrela eskatu ziotelako. Neskaren gurasoak Amerikan zeuden, Gaztelako erregeak enkomienda bat (kolonizazio-sistema) eman zielako. Dirutza handia egin zuten enkomienda horri esker, eta Amerikan eraiki zituzten etxeez gainera, Zurbaran dorretxea berreraiki zuten Bilbon, Santiago katedralaren aurrean. Hordoñok aitaginarrebaren dirua administratzeko asmoa zuen, errentak ondo aprobetxatuko zituelakoan, baina horretan denboraldi labur batez ibili zen, emaztea ezkondu ziren urte berean hil zelako. Petronila seme-alabarik gabe hil zen. Are gehiago, baliteke erditzean bertan hil izana, garai hartan ohikoa baitzen. Gerta ala gerta, kontua da ezkontzaren bidez lortutako errentagarritasuna amaitu egin zela Hordoñorentzat. Baina gure Hordoño “ezkongaia” zen lanbidez, eta, errenta potoloago baten bila zebilela, Ana Manrique Osoriorekin ezkontzeko aukera eduki zuen. Ezkontza honen bitartez ondasun ikusgarririk lortu ez bazuen ere, Anaren familiak Madrilgo gortean zituen harremanek abantaila handia ekarri zioten. Bizkaian ere izan zituen postu politikoak, erregearen gortera hurreratu ondoren Calatravako zaldunen ordenako nagusi edo priore izendatu zutelako. Errenta ederra ere eman zioten. Baina ez dezagun pentsa irabazten zituen errentekin nahikoa zuela, ordaindu gabeko zorrek hainbat aldiz epaitegira eraman baitzuten. Hala ere, bere aurka egitea ez zen erraza, handikiek zituzten abantailek askotan salbuesten zutelako. Hordoñok eta Anak lau seme-alaba eduki zituzten: Tomás, Diego, Lorenzo eta Leonor. Lehenengo biak ezkontzeko adina bete baino lehen hil ziren eta Lorenzo Amerikan desagertu zen. Ondorioz, Leonor oinordeko bihurtu zen. Emakumea Francisco Novoa y Feixo (edo Feijoo) jeneralarekin ezkondu zen. Gerora, Txorierriko familia honen ondorengoak gehienbat Sevillan, Madrilen eta Kordoban finkatu ziren eta gero eta harreman estuagoa lortu zuten Espainiako handiekin. Horrela, bada, Leonorri Montalboko markesa titulua eman zioten 1630. urtean, eta haren alaba, Frantziska, Diego Sarmiento Toledo y Acuñarekin ezkondu zen, zeina Gondomarreko kondea baitzen. Handik aurrera, Txorierriko familia tituluak pilatzen hasi zen. Gondomarreko lehenengo kondea Felipe II. eta III. Gaztelako erregeen enbaxadorea izan zen Ingalaterran, Frantzian eta Alemanian. Haren semea, Gondomarreko bigarren kondea, aitaren ospeari esker bizi izan zen ondo. Bestalde, Zamudio eta Zugasti leinuak Gondomarreko kondearekin bat egiteak handikiekin harremana izateko aukera ekarri zien. Erregearen gortearen inguruan zeuden, beraz, toki egokian ezkontza onuragarriak adosteko. 1. oina: Calatravako zaldunen ordenako armarria. Ordena hau 1158. urtean sortu zen Gaztelako erreinuan. Egoitza Calatravako gaztelu berrian zuen, Ciudad Realean. Hordoño Zamudio eta Zugasti ordenako priorea izan zen, eta soldata ederra jasotzen zuen horregatik. 2. oina: Gondomarreko kondeak etxe hau erosi zuen Valladolid hirian eta berreraiki egin zuen. Udal liburutegia da gaur egun, baina erdiko balkoian oraindik ikusgai dago sendiaren armarria. Gondomar hiria Galizian dago; beraz, bertan ere badago sendiaren jatorria. Petronila---- 2.------ Hordoño de------------- 3.------------------ Ana Zurbano Zamudio eta Zugasti Manrique Zurbaran Martiartu eta Getxo Osorio Tomas; Diego; Lorenzo; Leonor------------------- Frantzisko Zamudio Zamudio Zamudio Zamudio Novoa Zugasti Feixo (Feijoo) Belvisko markesa (jenerala) Maria de ---------------------2--------- Pedro de---------------------- 1 ----------------------- Luisa Feijoo Novoa eta Salazar Enriquez Toledo eta Leiva Zamudio Zugasti Belviseko markesa Manuel de---------1---------- Francisca Maria de-------- 2--------- Diego Sarmiento de Acuña eta Sotomayor Guzman Toledo Osorio Feijoo de Novoa eta Leiva Maria de Salazar Enriquez: Luis de Salazar eta Nafarroako Maria Enriquezen alaba izan zen. Azken hau Enriquez de Lacarra-Nabarra eta Garciaren alaba izan zen, zeina Ablitasteko zortzigarren jauna izan baitzen. Pedro de Toledo eta Leiva: Leivako zazpigarren jauna izan zen; Mancerako lehenengo markesa (1623); Galiziako eta Peruko erregeordea; enbaxadorea, Alemanian eta Venezian; Felipe III.-aren gerra-kontseilukoa; eta Esparragosako komendadorea. 1650. urtean hil zen. Manuel de Guzman: Gonzalo Nuñez de Guzmanen semea; Toralgo zortzigarren jauna; eta Aviadoseko jauna, Boñarreko bailaran. Francisca Maria de Toledo Osorio Feijoo de Novoa eta Leiva: Marquesa de Belvis; Montalboko lehenengo markesa, 1630. urtean; Zamudio eta Zugastiko anderea. Diego Sarmiento de Acuña eta Sotomayor: Diego de Sarmiento de Acuñaren semea; Gondomarreko bigarren kondea; Bayonako gobernadorea; eta Santiagoko zalduna. Bere aita Gondomarreko bigarren jauna eta lehenengo kondea izan zen; Toro eta Veste hirietako korrejidorea; aholkularia, Sevillan; eta enbaxadorea, Ingalaterran eta Fantzian. Costanza de Acuña eta Avellanedarekin ezkondu zen.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).