Zamudio-Zugasti eta Txorierri (III)

Aikor aldizkaria 2013ko mar. 25a, 09:46
t: Sabin Arana
Aurreko aldizkarietan, artikulu-sail honi izenburua ematen dion leinuak, ezkontzei eta aliantzei esker XVII. mendera arte lotutako tituluak eta ondasunak errepasatu genituen. Besteak beste, ondare hauek zituzten Txorierrin: Larrabetzun, Santa Luzia kapela hiriko elizako presbiterioaren ondoan; eta hilobi bat Elizaldeko elizan, aldarearen aurrean. Olatxu-Zubieta burdinola eta Errotabarri errota ere bazeuzkaten, haien lurrak tartean; eta Goikoola eta Sarrikola burdinolen zati bat. Zugasti baserriaren –garai batean urkamendia izan zena- eta hiri ondoan zegoen dorrearen jabeak ziren, baita haiei zegozkien lurren eta basoen jabeak ere. Zamudion ere bazituzten burdinola bi; Arteaga errota eta burdinola; Olabuniaga burdinola, errota eta baserria; Kadalso dorre-baserria; eta Zamudiotorrea, hainbat lurrez eta basoz gainera. Derion, Aresti burdinola zuten. Ondasunak alde batera utzi, eta ezkontzei eta aliantzei ekingo diegu berriro. Aurreko artikuluan azaldu genuen bezala, Luisa Feijoo Novoa eta Zamudio-Zugasti Pedro de Toledo eta Leivarekin ezkondu zen. Senar-emazteek alaba bat eduki zuten: Francisca Maria, Diego Sarmiento de Acuña eta Sotomayorrekin ezkondu zena. Eduki zituzten seme-alabetatik García Sarmiento izan zen oinordekoa eta aitarengandik Gondomarreko konde-titulua jaso zuen. Baina honek ez zuen seme-alabarik izan eta titulua Pedro bere anaiak hartu zuen oinordetzan. Gainera, Pedro Mancerako hirugarren markesa ere izan zen, titulua bere osabarengandik ¬–Antonio Sebastián Álvarez de Toledo eta Salazar- jaso zuen eta. Espainiako handikia ere bazen. Pedrok lau seme-alaba eduki zituen: Manuel, Teresa (moja sartu zen), Mariana de la Encarnación eta Joaquina Josefa. Gondomarreko konde-titulua Manuelek jaso zuen eta Zamudio-Zugasti leinuaren oinordekoa Mariana de la Encarnación izan zen. Marianak Mancerako markesgoa jaso zuen aitarengandik; eta Humaneseko kondesa-titulua, amarengandik. Baina ez zuen ondorengorik izan eta bere oinordeko Joaquina Josefa bere ahizpa izendatu zuten. Joaquina Josefa Joseph Francisco Rivera Barrosorekin ezkondu zen eta Zamudio-Zugasti leinuko ondorengoek, ezkontzeei esker, tituluak pilatzen jarraitu zituzten: Malpicako markesgoa, Medina de Rioseko duketza, Mirabeleko markesgoa, Montalboko markesgoa, Berantevillako kondetza, Arioneko duketza, Griñoneko markesgoa... Zerrenda luzea da, eta, egia esan, zorabiatzekoa ere bai, bost mendetan 20tik gora titulu lortu baitzituzten. Bestalde, aipatu beharra dago leinuak Larrabetzun eta Asuako bailaran zituzten ondasunak, denborak aurrera egin ahala, balioa galtzen joan zirela, eta, ondorioz, urte gutxitan guztiak edo gehienak saldu zituztela. Era berean, sendiaren benetako jatorria ahaztu, eta Malpica esaten hasi zitzaion; eta Zamudiotorreari, hain zuzen ere, horregatik esaten zaio Malpika dorrea. Ondasunak administratzaileen bidez kudeatzen joan ziren, harik eta azkenean guztiak saldu zituzten arte. Leinu hauek XV. eta XVI. mendeen hasieran –hau da, modernitatearen lehenengo pausuak eman zirenean- lurraldearekiko erakutsi zuten iniziatiba ezerezean gelditu zen aurrerantzean, errentak hartu baino ez zituztelako egin. Berton zituzten azken ondasunak XX. mendearen hasieran saldu zituzten. Handikiak erregearen gortearen bueltan gizendu ziren, inolako ardurarik gabe eta bertokoen lanaren etekinak eskuratzen zituztela. Hala, ez zitzaien inoiz bururatu herriak kultura bat zuela, lantzeko premia zuena. Ez zitzaien burutik pasatu handikiek ere bazutela, besterik ezean, herriaren kulturarekiko begirune zorra: unibertsitatea sortzea, euskara lantzea... Laburbilduz, nobleziak ez zuen izenari dagokion jatortasuna erakutsi.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).