Campus teknologiko bat egingo da udan Politeknika Ikastegia Txorierrin. Jesus Angel Bravo egitasmo horren arduraduna da, eta berak argitu digu zazpi urtetik hamalau bitarteko neska-mutilentzat egingo dela campus hori. “Teknologiaren erabiltzaile ez ezik, teknologiaren egile ere izatea nahi da; hau da, ikas dezatela zelan egiten diren gauzak, eta har dezatela parte diseinuan eta sorkuntzan”.
Hiru arlo jorratuko dira horretarako: robotak egitea, bideojokoak sortzea eta aplikazioak garatzea.
Teknologia-arlo guztien artean, robotika da etorkizun handiena dutenetako bat. Esparru dibertigarria eta entretenigarria da ume eta nerabeentzat, eta roboten oinarrizko ezaugarriak ezagutzeko aukera emango zaie. Eragingailuen eta sentsoreen funtzionamendua ere ezagutuko dute, eta robot konplexuak egin eta programatuko dituzte. Robotika aurreratuaren tailer bat ere egingo da eta txapelketa bat antolatuko da astero parte-hartzaileen artean. Onenak diren talde biak Estatuko txapelketara joango dira.
Bideojokoen diseinua eta gailu mugikorretarako aplikazioen garapena dira, ziur asko, datozen urteetan gehien haziko diren teknologia-esparruak. Campus hauetan parte hartzen duten gaztetxoek diseinuan eta programazioan egingo dituzte lehenengo urratsak. Gauza bi besterik ez zaie eskatuko: irudimena eta teknologia berrietan interesa izatea.
Modu ludiko batean
Campus teknologikoak badu aurten erronka berezi bat: neskak erakartzea teknologia-mundura. Bravoren esanetan, oso neska gutxik egiten ditu teknologia arloko ikasketak, eta berariaz haientzat zuzendutako tailerrak egingo dira campusean, teknologiarako grina piztu dakien.
Juan Angel San Vicente Politeknikako zuzendaria da eta, adierazi digunez, gazteak industria arloko ikasketetara bideratzea dute, besteak beste, helburu. “Industriak aberastasuna sortzen du, eta lagungarria da ekonomia berpizteko eta gaur egun bizi dugun egoera txarra gainditzeko”. Zentroak ikasketa horiei loturiko hitzaldiak ematen ditu DBHko eta Batxilergoko ikasleentzat, eta zenbait ekitaldi antolatzen ditu; esaterako, bisitaldiak egin dira BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentrora. “Uste dugu gazteek txikitatik izan behar dutela harremana teknologiarekin, institutua amaitzerakoan argiago jakin dezaten zer ikasketa aukeratu. Campus teknologikoa oso aukera ona da, beraz, modu ludiko batean hurbil daitezen teknologiara, eta ikus dezaten, adibidez, zelan funtzionatzen duen robot batek”.
Campusa ekainaren 23tik 27ra, ekainaren 30etik uztailaren 4ra, eta uztailaren 7tik 11ra egingo da. Izena ematea www.camptecnologico.com webgunean egin behar da, eta informazio gehiago ere kontsulta daiteke bertan.
Formula Student Bizkaiarekiko hitzarmena
Martxoan sinatu zen hitzarmena, eta haren ondorioz Politeknikako tailerretan fabrikatuko dira Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek datorren urterako diseinatu eta egingo duten autoaren abatzak. Eugenio Díezek adierazi digunez, unibertsitatean dabilen ikasle ohi batek proposatu zien proiektu horretan parte hartzea. “Hura aztertu, eta egiteko modukoa zela ikusi genuen. Izan ere, mekanika da guk lantzen dugun arloa, eta inportantea da guretzat proiektuan egotea. Gainera, aukera ona da unibertsitatearekin eta beste enpresa batzuekin harremanak izateko eta finkatzeko”.
Ardatza eta gurpilak lotzen dituzten piezak dira abatzak. Datorren ikasturtean hasiko dira Politeknikan pieza horiek egiten, eta hamasei ikaslek hartuko dute parte proiektu horretan.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).