Errementariak

Aikor aldizkaria 2014ko ira. 22a, 13:52
Testua eta argazkiak: Sabin Arana
Errementariak oso garrantzitsuak izan dira Historian zehar. Esan genezake arma-fabrikek gaur egun duten garrantzia bera eduki zutela beren garaian. Euskal Herrian nahiko zabalduta egon zen errementari lana. Hala, hainbat lantegitan Gaztelako erregeek guda eta konkistetarako behar zituzten burdinazko gaiak egiten ziren. Bizkaiko burdina erruz erabili zen mendeetan zehar, eta ez beti lanabesak egiteko. Larrabetzun, Martin Zamudio eta Zugastitarrak jardun zuen armak egiten XVI. mendean. Bere anaia Ordoñok, Zamudio eta Zugasti leinuaren ondorengoa zenak, Larrabetzun zeukan Olatxu-Zubieta burdinola eman zion. Izan ere, Ordoñok gurasoengandik zegokion ezkonsaria ordaindu behar zion Martini eta burdinolatik atera ahal ziren irabaziak erabili zituen horretarako. Domingo Sarrikolea eta Zamudiotarra pertsonaia ospetsua izan zen Larrabetzun, XVII. mendearen hasieran. Bere esanetan, eta bere garaian lantegia desagertuta zegoen arren, bere familiak errementaldegi bat eduki zuen Errebaleko Kantoian, gaur egun Andra Mari kaleko lehenengo zenbakia dagoen tokian. Lekukoek ere horrela berretsi zuten eta garaiko agiri batean irakur daiteke errementaldegia eraikinaren beheko aldean zegoela. Errementaldegia Pedro Undabarrenatarrak jarri ei zuen berriro martxan XIX. gizaldiaren hasieran, eta ondoren Apraiz eta Zaratetar sendikoek erabili zuten. Bestalde, XIX. mendean beste familia bat ofizio horretan ibili izanaren berri eduki dugu. Era berean, Manuel Antonio Madariagaren familiak Elizosten zegoen errementerian lan egin ei zuen. Manuel Antonio Madariaga “Patakon” ezizenaz izan zen ezaguna. Larrabetzu hirian hiru errementeri egon ziren garai batean eta oraindik badago etxe bat izen horrekin ezagutzen dena. Esan beharrik ez dago aipatutako mendeetan errementeriok herriko boteretsuen esku egon zirela. Larrabetzun eta Zamudion, Zugasti leinuaren adar nagusia eta gerora Zamudio-Zugati leinua izan ziren burdingintzan aurrendariak. 1. Aspaldi ezagutu genuen Sarrikolea eta Zamudiotar sendiaren errementeria, gerora Undabarrenak berreraiki zuena. 2. Olatxu-Zubieta, Zugasti Zamudiotarrena izan zena. XVIII. mendearen erdirantz errota bihurtu zuten. 3. Etxe hau Errenteri izenarekin ezagutzen dugu. Zugasti sendiaren bigarren adarrarena izan zen XVIII. mendera arte eta bere izenak adierazten du errementari lana egiten zen tokia dela. Errenteri hitzak beste esanahi bat eduki zuen: burdina merkaturatzen zen tokia. Baina Larrabetzun ez zegoen halako tokirik, bertoko burdina Bilbo edo Durangoko “renterie”-etara eramaten baitzen merkaturatzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).