Santa Kurtzeko burdin hesia eta Olazarre baserriko

Aikor aldizkaria 2015ko aza. 25a, 09:39
Ondarearen Europako Jardunaldien haritik, Larrabetzuk burdinagaz daukan loturea jaso genduan aurreko zenbakian. Oraingo honetan, Lezamarrek egin eben ibilpide gidatua ekarri dogu hona. Hurrengoak, Deriokoak.
Hitzordua Santa Kurtzeko ermitan ipini eben lezamarrek. Ermitaren gaineko lehenengo datu idatziak 1580. urtekoak dira; halanda be, eraikuntzea lehenagokoa da, ziur asko. Gaur egungo eraikina 1710. urte inguruan barriztu zan, eta uste da hango burdin hesia be garai hatakoa dala. Done Jakue bidearen zati bat hartzeaz gainera, Lezama zin-bidea be bazan. Beraz, handik persona asko pasetan zan, trafiko handia egoan, eta pentsau daiteke burdin-hesia ermitea dotoretzeko ez ezeze babesteko be egin zala. Kalidade handiko burdina da, eta urteetan zehar oso ondo kontserbau da. Goiko aldean amabirjinaren iruditxua dauka, baina horretatik aparte ez dauka aitatzea merezi dauan berezitasunik. Hainbat dokumentutan irakurritako informazinoa kontuan harturik, uste da burdin hesia Olazarre baserriko olan egina zala. Eta hurrengo geldialdia, bertan egin zan, hain zuzen be. Olazarre baserria nahiko hur dago Santa Kurtzeko ermitatik. Beraz, ez da kasualidadea ermitako burdin hesia bertako olan egin izana. Azpiegiturea ola izan zan lehenago; eta errotea, beranduago. Agirietan adierazotakoaren arabera, burdina Mehatzaldetik ekarten zan eta han galdau egiten zan. Batez be baserrirako tresneria egiten eben, untzak, mailuak... Baita kanoi-bolak edota beste leku batzuetara lantzera eroaten ziran burdin-totxoak be. Txatar mendia Aitamen berezia merezi dau errekeko ura hara eroateko egin zan lan txukuna. Izan be, baserritik hur, errekearen ubide naturala aprobetxau eta ubide artifizial bat egin eben, ura olako antepararaino eroan ahal izateko, eta bertan batu eitean. Uraren indarra mailu mekanikoa mugiarazoteko erabilten zan, eta horrela burdina landu ahal izateko. Ubide artifizial hori ia kilometro batekoa da. Bestalde batetik, eta esan deuskuen moduan, nahiz eta begi-bistan ez dagozan, oraindino be sarren aztarnak be topau daikeguz inguruan, landaren artean arakatzen badogu. Horrela, bada, sarrak baserri ondoko leku baten itxiten ziran, eta gero, beharrezkoa bazan, handik hartzen ziran herriko beste lan batzuetan erabilteko. Sarrak biltzen ziran lekuari “Txatar mendia” esaten eutsien. Baina olen urrezko urteak pasau ziran eta sektorea krisialdian sartu zan. Olak errota bihurtu ziran; Olazarre be hareen tartean. XIX. mendearen hasieran itxi eutsan ola moduan funtzionatzeari. Besteak beste, presea dago ikusgai gaur egun inguruan, anteparea edo ura hartzeko andela, harrizko horma bat, makineria eta burdinazko gurpil bat.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).