Burdinaren ibilbidea, Derion

Aikor aldizkaria 2016ko urt. 27a, 09:54
testua eta argazkiak: DerioKOmunikazioa
Lezamak eta Larrabetzuk bezala, Deriok ere bat egin zuen Ondarearen Europako jardunaldiekin. Dakigunez, gaia “burdina” izan zen, eta herriak material horrekin duen lotura erakusteko, DerioKOmunikazio taldetik ekitaldi saila antolatu genuen. Iñigo Aurrekoetxea “Gotxa” derioztarra harri zulatzailea da eta oso titulu garrantzitsuak lortu ditu kirol horretan; Euskadiko txapela, tartean. “Gotxa”-k ekitaldi sailari hasiera emateko ardura izan zuen. Hala, erakustaldi bi egin zituen: bata, laztabina erabilita; eta bestea, ingudea erabilita. Laztabina burdin-meatzetan erabiltzen zen, harrian zuloa egin eta han dinamita ipintzeko, eta, horrela, burdina atera ahal izateko. Ingudea errementarien lanabesa zen eta burdina lantzeko erabiltzen zuten. Haiek ere tresna horiekin biekin saiatu ostean, bisitariek Derioko eskulturazko multzorik garrantzitsuenetariko bat ezagutzeko aukera izan zuten. Eskulturazko multzo hori udal pilotalekuaren aurrealdean dago eta Eneritz Amondarain derioztarrarena da. “Pelotari” du izena eta burdinazko hamaika eskultura dinamikoek eta koloretsuek osatzen dute: emakume batek eta hamar gizonek. Eneritzek lan horren zehetasunak azaldu zizkien parte hartzaileei, eta berezitasun moduan esan dezakegu eskultura guztiek beren alanbrezko maketa dutela. Tona bateko eskulturazko multzoa da eta hori egiteko, etxeko guztien laguntza behar izan zuen eskultoreak. Lanak oso ondo jasan du denboraren igarotzea; hala ere, aurten berriztatu egingo da. Hildakoen trena Trena XIX. mendearen amaieran ailegatu zen Deriora, eta horrek herriaren hazkundea ekarri zuen. Bilboko hilerria trenbide ondoko lursailetan ipini zen eta trenbidearen etorkizuna hilerriari lotuta egon zen. Juanjo Olaizola Burdinbidearen Euskal Museoaren zuzendaria da, eta oso hitzaldi interesgarria eskaini zuen Kultur Birikan. Bere ahotik jakin izan dugu “Derio” izeneko tren-makina bat egon zela, eta azalpenak eman zizkigun hileta-bagoiei buruz. Lehenengo, bigarren eta hirugarren klaseko hileta-bagoiak zeuden, eta lehenengo klasekoek kapera eta guzti zeukaten. Bestalde, Erriberako merkatura bendeja eramaten zuten baserritarrentzako bagoia ere bazegoen. Hitzaldian, Calzadaseko tren-geltokia ere hizpide izan zuen Olaizolak. Munduan, kapera zeukaten oso tren-geltoki gutxi zeuden eta Deriokoa horietako bat zen. Gainera, XX. mendearen lehenengo urteetan geltoki intermodal bihurtu zen, handik Mungiara arte diligentzia-zerbitzua eskaintzen zelako. Tanaturismoa Nolanahi ere, interes handiagoa piztu zuen ekitaldia Bilboko hilerritik egin zen bisita gidatua izan zen. Hilerrian, Chávarri, Ibarra, Echevarría edo Martínez Rivas bezalako oligarka bizkaitarren hilobi-monumentuak daude, zeinek, beste batzuen artean, Bizkaiko Labe Garaiak (AHV) eta La Naval ontziola sustatu baitzituzten. Era berean, Mogrobejo, Durrio eta Quitín de la Torre eskultoreen lanak ere ikusgai daude bertan. Ramón Rubial, Tomás Meabe, Felipe Caballero eta Indalecio Prieto sozialisten hilobiak ere bisita daitezke Derion. Azken horrek, gainera, lotura handia eduki zuen herriarekin, erbesteratu baino lehen, Derioko baserri batean ezkutatuta egon zelako. Trenbidearekin ere eduki zuen lotura, II. Errepublikan Herri lan eta Garraio ministroa zela, trenbidearen garapena sustatu zuelako. Hilerriko hormetan hainbat lagun fusilatu zituzten Gerra Zibilean eta bisita aprobetxatu zen fusilamendu horiek gogora ekartzeko. Baita Oiz mendiko istripuaren (1985) eta Munduko Zirkuaren istripuaren, Bilbon (1912), biktimen omenez egindako mausoleoak bisitatzeko ere. Tanaturismoko ekintza hau oso arrakastatsua izan zen eta, sortu zuen interesa ikusita, bisita bi egin ziren: bata, kanpotarrei zuzenduta; eta bestea, derioztarrei.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).