Txorierriri bira, oinez

Aikor aldizkaria 2016ko mar. 29a, 11:54
Testua eta argazkiak: Bestorrene
Txorierriko berbalagunok aspalditik egiten ditugu ibilbideak bailaratik, euskaraz aritzen garen bitartean inguruko txokoak hobeto ezagutzeko asmoz. Baina berbalagun “zoro” batzuek ideia hau eduki dute: Zergatik ez Txorierriri bira eman, jarraian eta egun berean? Hitzordua apirilaren 23an, goizeko 8etan, ipini dugu Larrabetzuko plazan. “Berbalagun batzuk, euskaltzaleak izateaz gainera, mendizaleak ere bagara. Era berean, gaur egun badago jende asko ibilbide luzeak egitea atsegin duena. Horregatik, eta euskara lagun dugula, pentsatu genuen Txorierriri bira osoa ematea, mendiz mendi”, esan digute abentura honetan nahastu gaituzten berbalagunek. Antolatzaileek aurretik egin dute ibilbidea, hiru etapatan. Eta besteak beste, nondik joan zehaztu dute eta ibilbidearen zehetasunak GPSan sartu dituzte. Nahi duenak ibilbide osoa ikus dezake Wikiloc webgunean, “Txorierriri bira oinez” idazten badu. Berrogeita sei kilometro inguruko ibilbidea izango da. Larrabetzuko plazatik aterako gara goizeko 8etan, eta Legina auzotik gora mendilerroaren gaina laster hartuko dugu (ibilbidearen aldaparik handiena bertan dago). Gainez gain, atseden txiki bat hartuko dugu Ganguren mendi tontorrean. Ikuspegi ezin ederragoa dago handik, alde bietatik, eta aurrean, itsasaldea. Artxandatik jarraituko dugu Enekuriraino. Bailararen beste aldera gurutzatzeko unea da. Lutxanara jaitsi eta Arriaga auzotik Erandio Goikora helduko gara. Geldiune nagusia bertan egingo dugu. Ostean, Akarlandatik gora joango gara Unbe mendi tontorreraino, eta apur bat jaitsiz, Lauroetaraino. Mendilerrotik jarraituz, Artebakarra auzora, lehenengo, eta Berreaga eta Gaztelumendi mendietara, geroago, ailegatuko gara. Elizaldetik Larrabetzuko plazara itzuliko gara eta amaitutzat emango dugu Txorierriri bira. Eraikuntza interesgarriak “Dena dela, argi izan behar da hau ez dela lasterketa bat. Helburua ondo pasatzea da eta bakoitzak bere indarrak neurtu beharko ditu. Ibilbide osoa egin daiteke, ibilbide erdia zein zati bat”. Gainera, martxarekin bat egiteko edo uzteko aukera egongo da zenbait lekutan, hala nola Artxandan, Enekurin, Erandion, Lauroetan eta Artebakarran. Ibilbide erdia egin nahi duzuenentzat, Erandio Goikoa da leku aproposa martxa utzi edo handik hasteko. “WhatsApp-aren bidez komunikatzeko asmoa dugu et,a behar izanez gero, autoz jendearen bila joatea ere aurreikusi dugu”. Bestalde, mendiaz gozatu ez ezik, eraikuntza interesgarri asko ere ikusi dugu ibilbidean zehar. Baserri eta jauregi ederrak, historia handiko ermitak, Erdi Aroko gudak edo frankisten garaipena gogorarazten dizkiguten monolitoak, frantsesek edo karlistek eraikitako gotorlekuak, Historiaurreko trikuharriak eta kastroak, Erdi Aroko galtzada, haize-errota bat ... eta ahaztu barik ibilbide osoa Burdinazko Hesiaren zatia dela eta bidean zehar hainbat aztarna daudela. “Ez dugu astirik izango gelditu eta horiek guztiak ondo aztertzeko, baina behintzat non dauden ikusiko dugu”. Egunari amaiera emateko eta indarrak berritzeko, afaritxoa izango dugu Goikoelexaldeko txokoan: sartenekoa 10 euroren truke. Ibilbidean parte hartzeko, aurretik eman beharko da izena. 635 75 35 95 telefono zenbakira deituta egin dezakezue.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).