Urtero, Gabonetan Olentzero gure etxera etortzen den bezala, niri ere urteko garai bertsuan heltzen zait Aikor! aldizkariaren deia iritzi artikulu bat egiteko eskariaz. Erronka zirraragarria izaten da niretzat. Hilabete osoa pasatzen dut txinparta piztuko didan ideia topatzen eta adi egoten natzaie eguneroko albisteei eta inguruan gertatzen denari. Aurkitzen dudanean, gurean gertatzen ari diren gauzekin lotzen ahalegintzen naiz eta mezuren batekin bukatzea izaten da nire helburua.
Aurten, iaz bezala, maiatza inguruan jaso dut zorioneko deia. Iaz ez nuen arazorik eduki gaia aukeratzeko, kopako finalera joateko aukera izan nuelako eta bertan bizitakoa kontatzea aproposa iruditu zitzaidalako. Aurten ez naiz joan, baina finalaren inguruan esandakoak piztu zidan artikulu honetarako txinparta, aurten ere zerbait debekatzea zelako batzuen ardura nagusia (iaz txilibituak, aurten esteladak). Albistea entzun nuenean sutu egin nintzen, betikoek herrien asmoak eta ametsak zapuzten ari zirelako berriro. Pentsatzen hasi nintzen zer gertatuko ote zen esteladak debekatuz gero: jokalariak ateratzen ausartuko ote ziren (geureak ikurrinarekin egin zuten bezala), zein trikimailu erabiliko ziren zelai barrura sartu ahal izateko, beste ikurren bat eramango ote zuten (eskoziarrenak eramatea pentsatu zutela entzun nuen), nola ibiliko zen polizia esteladen bila.
Burura etorri zitzaidan, orduan, Txistulin. Txistulin izan zen Francoren garaian Asuako kuartelean zegoen guardia zibil baten ezizena. Berak gaur egun esteladekin duten obsesio berbera ei zeukan txistuarekin, eta jairik jai ibiltzen zen txistua jotzen ari zirenen atzean, berarentzako txistua separatismoaren sinboloa, gure nortasunaren adierazpidea zelako. Adin bateko txorierritarrek berarekin gertaturiko milaka anekdota dituzte kontatzeko.
Lagatzukook geure buruari jarri diogun aurtengo erronka antzezlan herrikoi bat egitea izan da (200 antzezletik gora). Eta antzezlan horretako pertsonaietako bat gizon xelebre hau izango da. Aipatu bezala, beti saiatzen naizenez mezu batekin amaitzen, hona hemen gaurkoa: ekainaren 25ean Zamudion egingo dugun herri antzezlanera, Artepen artea. Zamudion geurea, euskerea, denok gonbidatuta zaudete.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).