100 derioztarrek etxebizitza eskuratu dute

Aikor aldizkaria 2007ko urt. 15a, 14:04

Derioko Udalak etxebizitza-politika berriari ekin, eta 100 etxebizitza tasatu zozketatu ditu Ganbegoikoan. Pisuek 75 metro koadro batez beste edukiko dituzte eta horiekin batera, garajea eta trastelekua ere zozketatu dira. Sukibide eraikuntza-enpresak etxebizitzak altxatuko ditu eta lanak 2008. urteko amaieran bukatuta egotea espero da. Enpresa horrek 160 pisu eraikiko ditu Ganbegoikoan; horietatik 100 urtarrilaren 13an zozketatu ziren eta gainontzekoak geroago zozketatuko ditu Udalak. Etxebizitzek 210.000 € inguru balio izango dute. Lander Aiarza Derioko alkateak azaldu zuen legez, hori merkatuarena eta etxebizitza babestuarenaren arteko prezioa da, eta 20 urte pasa ondoren etxebizitza libre bihurtzen den abantaila du. Aurtengoa Derion egiten den etxebizitza tasatuen lehengo zozketa izan da eta bertan 257 lagunek parte hartu dute. Zozketak ikusmin handia sortu zuen eta herriko frontoia jendez gainezka egon zen; gazte asko, euren artean. “Etxebizitzarena gazteen kezkarik nagusienetarikoa da eta zozketa honen bidez, arazo horri konponbidea eman, eta gazteak herrian gelditzea lortu nahi dugu”, esan zuen Aiarzak. Beste alde batetik, Ganbegoikoan zozketatu diren 100 etxebizitzetatik 13 hurrengo sektore hauei zuzenduta daudela aipatzekoa da: elbarrituei, 70 urte gorako lagunei, familia ugariei eta guraso bakarreko familiei. “Pozik gaude, hala ere, aurpegi tristeak ikusi dira frontoian eta horrek oraindik lan handia dugula esan nahi du. Dena dela, aukera gehiago egongo dira, izan ere, laster babes ofizialeko etxebizitzaren zozketa egingo du Eusko Jaurlaritzak eta Udalak ere etxebizitza tasatua bultzatu eta zozketatuko du ”. Atikoa Lurdesentzat Lurdes Diez zortea aldekoa izan zuenetarikoa da. Gazteak 27 urte ditu eta bere bolatxoa bonbotik atera zenean, ez zuen sinisten. “Zer nahi duzue esatea, ba? Oso pozik nago, gazteok etxebizitza arazoa dugu eta… atiko bat suertatu zait! Atiko bat!”. Gainera, poza bikoitza izan da, bere lagun batzuei ere etxebizitza suertatu zaie-eta.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).