Lezamako trenbide zaharra bide berdetzat berreskuratzea onartu dute Batzar Nagusiek

Aikor aldizkaria 2013ko mar. 27a, 14:21

Zorioneko dago Lezama trenbide zaharra berreskuratzearen aldeko mugimendua. Izan ere, hori osatzen duten Txorierriko taldeak aspalditik dabiltza ibilbidea prestatzeko eskatzen, handik bizikletaz edo oinez joan ahal izateko. Eta Bizkaiko Batzar Nagusiek Bildu taldearen arauz besteko proposamena onartu dute, XIX. mendean Bilbo eta Lezama lotzen zituen trenbide zaharra bizikletaz egiteko ibilbide moduan berreskuratu ahal izateko. Koalizio abertzalearen ustez, ibilbidea oso pizgarri garrantzitsua izan daiteke Txorierriko udalerrien garapen turistikorako eta, era berean, mugikortasunerako aukera berria eskain dezake. Horrezaz gainera, Done Jakue Bidearen barruan sar liteke. Bizi Txorierri taldetik azaldu digutenaren arabera, albistea pozaz hartu dute, baina zuhurtziaz ere bai. “Orain dela hiru urtetik hona, Larrabetzuko eskolako patioan amesten hasi ginenetik, zerbait lortu dugula esan daiteke. Txorierriko bidegorriaren proiektua egin da eta, Batzar Nagusietan onartu izana baino lehen, Lezamako Trenbidearen aurreproiektua ere bai. Baina biak betiko gera daitezke kaxoi batean gordeta, egungo krisia aitzakiatzat hartzen bada”. Hala ere, mugimenduak urte hauetan gauza asko lortu dituela uste dute. “Gure lanari esker, jende askok eduki du ibilbideaz gozatzeko aukera. Zati batzuk guk geuk garbitu ditugu, eta azken asteotan Zamudioko Udalak ere bere laguntza eman digu. Egia esan, proiektuan jende asko inplikatu da, baina Zorribike taldeko Olanoren lana azpimarratu nahiko genuke, azkenengo martxak berari esker izan baitira izan direna”. Horren haritik aipatu digute, helburua bera baino, gauzarik inportanteena urte hauetan disfrutatu egin dutena izan dela: antzinako mapak, bidea ikertzea, “Desbrozadora” Eguna, martxak, tunela igeri egiten eta piraguaz zeharkatzea... “Bizirik sentitu gara benetan, eta gogoz eta bihotzez egin dugu beti”. Amaitzeko, ibilbidea ezagutzen ez badugu, hura orain egiteko aholkua eman digute, “lanak bukatu ostean, disfrutatzeko bide bat izango dugu, baina ez dugu paisaiaren edertasuna inoiz gehiago ikusiko”. 500 lagun baino gehiago trenbide zaharretik Bizi Txorierri, Zorribike, Arroeta eta Txirrin-txirrin elkarteek martxa bat antolatu zuten martxoaren 24an Lezamako trenbidetik. Arrakasta handiko ekintza izan zen, bertan 500 ibiltarik eta 40 txirrindularik hartu baitzuten parte. Hitzordua goizeko 9etan ipini zuten txirrindularientzat, Kurtzeko ermitan; eta 9:30ean ibiltarientzat, Derioko tren-geltokian. Santimami baselizatik Artxandan dagoen tunelera arteko ibilbidea egin zuten. Han trikitiaren soinuak girotutako hamaiketakoa hartu zuten eta parte-hartzaileetariko batzuk tunelera sartu ziren, hura ikuskatzeko. Ostean, La Ola auzorako bidea hartu eta bertan trena hartu zuten, bakoitza bere etxera itzultzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).