Lezamako Pilota Elkartearen mutilek Bizkaiko Herriarteko Txapelketa irabazi zuten Ortuellan, ekainaren 24an, gazte kategorian. Pilotariak hiru mailatan sartu ziren lehian, Zeanuriren kontra: benjamin, kimu eta haur mailetan. Lehenengoan, Adrian Uriartek eta Aitor Olazabalek osatu zuten bikotea. Irkus Gaskon ordezkari ibili zen eta finalerdia jokatzeko aukera izan zuen. Kimu mailan, Aimar Busketek eta Bittor Iruretagoienak jokatu zuten, eta haur mailan, Ekaitz Legarretak eta Oier Hormaetxek. Lezamarrek haur mailan galdu arren, beste bietan nagusitu ziren eta txapela Txorierrira ekarri zuten.
“Partidak oso gogorrak izan dira eta poz-pozik gabiltza. Apur bat ustekabez harrapatu gaitu garaipenak. Gure jokalariak onak dira, bai, baina ez genuen irabaztea espero, Zeanuriko taldea ere oso indartsua delako eta, azken batean, haiek zirelako faboritoak. Hala ere, gure mutilek maila ederra eman dute eta irabazteko gauza izan dira”, esan digu Markel Zabala mutilen monitoreetako batek. Markelek zein beste monitoreak, Ieltxu Beatok, gogor egiten dute lan Lezamako Pilota Elkartean, pilotari gazteei kirol horren gakoak irakasteko, eta azken bolada honetan fruituak, hau da, emaitza onak dabiltza jasotzen.
“Lezaman, gaur egun, harrobia egon badago. Talde polita dugu. Gazteek jokatzen jarraitzen badute, pilotari onak izango dira. Gogor entrenatzen dute, monitoreok pozik gabiltza, gazteak eta gurasoak ere bai... Giro polita daukagu eta gustura egiten dugu lan. Egia da pilota eskolak bolada txarrak izan dituela, baina azken urteotan oso pilotari onak eta giro aparta dauzkagu. Eta gainera, garaipenak lortzen ditugu. Azken hau, Bizkaiko Herriarteko Txapelketa, Txapeldunen Liga irabaztea bezalakoa da, Bizkaian irabazi ahal duzun txapelketarik onena. Era berean, zure herriaren izenean sartzen zara lehian eta horrek harrotasun berezi bat ekartzen dizu”.
Adrian Uriarte
Emaitza on bakarra ez da Bizkaiko Herriarteko Txapelketaren garaipena izan. Lezamako Pilota Eskolako mutil batek, Adrian Uriarte sondikoztarrak, Bizkaiko txapela ere jantzi zuen benjamin mailan, ekainaren 17an. Adrian erraz nagusitu zen Zornotzan jokatutako finalean, 16-2, Bingen Beitia zeanuriztarraren kontra. “Bere kategorian oso ondo moldatzen da eta, bere jokoa hobetzeko, mutil nagusiekin jokatzeko gomendioa eman diote entrenatzaileek”, dio Guiomar Gordon Adrianen amak. “Adrianek 10 urte baino ez ditu eta oraindik oso goiz da jakiteko zer gertutako den etorkizunean. Oso kirolari ona da eta izugarri gustatzen zaio ariketa fisikoa: atletismoan eta futbolean ere jokatzen du, eta dantza taldean ere aritzen da. Mugimenduan badago, bera pozik”.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).