Zamudio taldeak Bigarren B mailan jokatuko du azkenean

Aikor aldizkaria 2016ko uzt. 7a, 11:22
Zamudio Kirol Elkarteak Hirugarren Mailako liga irabazi zuen maiatzean eta, ondoren, Laredo taldeari irabazi zion kanporaketa batean. Ondorioz, Bigarren B Mailan jokatzeko igoera lortu zuen. Hala ere, igoeraren ondorioz, taldeak aurrekontua handitu behar du eta hori dela-eta, taldeko agintariak diru-iturrien bila ibili dira azken asteotan. Azkenean, Txorierriko taldeak iragarri du dirua lortu egin duela eta datorren denboraldian Bigarren B Mailan jokatuko duela. Maila horretan jokatu zuen azken aldia duela 20 urte izan zen. Barakaldo, Sestao edo Real Madrid-Castilla bezalako taldeak ikusteko aukera egongo da Gazituaga futbol zelaian, irailetik aurrera. “Bigarren B mailan jokatzeko erabakia hartu dugu enpresen eta erakunde publikoen babesa izan dugulako. Hala ere, oraindik ez dugu babesle handi bat topatu eta datozen asteotan jarraituko dugu lanean, babesle indartsu bat topatzeko”, jakinarazi du klubak prentsa-ohar batean. “Oso pozik eta lasai gaude. Datorren urtean zaila izango da, gure ligan oso talde onak daudelako: Barakaldo Toledo, Albacete... Guk ez dugu haiek beste baliabide ekonomikorik, baina lehian sartuko gara, mailari eusteko”, esan digu Fidel del Prado presidenteak. Bigarren B Mailan aldaketa asko egongo dira taldean. Esate baterako, Gorka Rueda izango da entrentzailea eta horrek Ibon Etxebarrieta ordezkatuko du. Jokalariak ere ezberdinak izango dira. Zamudiok Gaizka Larrazabal eta Ander Arceo (Danok Bat), Javier Guibert (Antiguoko), Julen Uriguen (Gernika), Josu Etxaniz (Portugalete), Ander Garmendia (Vitoria), Ander Aldai (Bilbao Athletic) eta Julen Iriarte (Eibar) fitxatu ditu. Beste alde batetik, Paul Abasolok eta Zarrabeitiak (Portugalete), Camilo Bobadillak (Moraza) eta Galder Uriartek (Sestao) utzi dute taldea. “Bitxia badirudi ere, datorren urtean diru gutxiago gastatuko dugu jokalarien soldatetan, futbolari askoren iritziz, Bigarren B Mailan joaktzea soldata handiago bat lortzea baino garrantzitsua delako. Eta gure betiko filosofiari eutsiko diogu, hau da, jokalari gazteen aldeko apustua jarraituko dugu egiten”, esan digu Fidelek.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).