Sindikatuko kideek EAJ alderdiaren jarrera salatu dute. “EAJ-k iruzur egiten du eta hori begibistakoa da Txorierrin: Troquenor enpresa itxi behar izan zen eta horrek agerian utzi du Eusko Jaurlaritzaren Industria 4.0 plana propaganda hutsa dela. Behar denean, ez dago inbertsiorik industrian, eta ondorioz, enpresa batzuk itxi behar izan dira. Era berean, luze hitz egin dute aberastasunaren banaketari buruz, baina argi dago langileen prekarietatea eta pobrezia handiagoa dela. Bestetik, Urdulizen egon gara pribatizazioak salatzen. Zerbitzu publikoak indartu beharrean, Eusko Jaurlaritzak merkatuaren esku utzi ditu”, esan digu Etxaidek.
LAB sindikatuko ordezkariek argi eta garbi utzi dute euskal lagileok Estatu propioa behar dugula. “Status politikoaren inguruko eztabaida irekia da eta iruditzen zaigu hori ezin dela politika mailara mugatu. EAJ-k ito nahi du instituzioetan herriari dagokion eztabaida bat. Euskal Estatuak eskumena emango digute geure erabakiak hartzeko”, aipatu du Etxaidek. “Gure aldarrikapena politikoa da, bai, baina atzean, gizarte-helburua dugu, gaur egungo egoera aldatu nahi dugulako. Maiatzaren Lehenean konpromiso hori adierazi nahi dugu: sindikatuak eta langileak ados jartzen bagara eta kalera ateratzen bagara, gauzak aldatuko ditugu”.