Udal-hauteskundeak M28

Botoak galdu arren, EAJk Txorierriko alkatetzei eutsi die; EH Bilduk Larrabetzuko alkatetzan jarraituko du

Aikor aldizkaria 2023ko mai. 29a, 12:36

Txorierrin ere jarraitu zaio Euskal Autonomia Erkidegoko joera orokorrari, eta aurtengo hauteskundeetan EAJk boto gutxiago jaso ditu gurean. Hala ere, jarraitzen du Sondikan, Loiun, Derion, Zamudion eta Lezaman alderdi nagusia izaten. EH Bilduk, bestalde, botoak irabazi ditu, eta zinegotzi bat gehiago eskuratu du Sondikan, Derion eta Zamudion. Larrabetzun boto gutxiago jaso baditu ere, alkatetzari eutsi dio.     

 

Sondikan, 1.163 boto izan ditu EAJk, duela lau urte baino 183 boto gutxiago, eta zinegotzi bat galdu du; guztira sei zinegotzi eskuratu ditu datorren agintaldiari begira. EH Bilduk 807 boto jaso ditu, 2019an baino 83 boto gehiago, eta zinegotzi bat gehiago eskuratu du: guztira lau zinegotzi. PSE-EEk, bestalde, boto gutxiago izan ditu aurtengo hauteskundeetan, baina udalerrian duen zinegotzi bakarrari eutsi dio: 176 boto, 2023an; 243 boto, 2019an.   

Loiun ere zinegotzi bat galdu du EAJk, eta orotara zortzi eskuratu: aurtengo hauteskundeetan 770 boto izan ditu, aurrekoetan baino 139 boto gutxiago. EH Bilduk bi zinegotziei eutsi die (231 boto, 2023an; 222 boto, 2019an), eta PP hirugarren alderdia izan da udalerrian, zinegotzi bat lortu du eta (87 boto, 2023an; 75 boto, 2019an).

Derion, EAJk 1.528 boto jaso ditu aurtengo hauteskundeetan, duela lau urte baino 207 boto gutxiago, baina zazpi zinegotziei eutsi die. EH Bilduk, bestalde, 1.010 boto jaso ditu, duela lau urte baino 134 boto gehiago, eta zinegotzi bat gehiago izango du hurrengo agintaldian: guztira lau zinegotzi. PSE-EE, berriz, hiru zinegotzi izatetik bi zinegotzi izatera pasatu da (583 boto, 2023an; 696 boto, 2019an).

Zamudion, EAJk 135 boto galdu ditu (847 boto, 2023an; 982 boto, 2019an), eta sei zinegotzi eskuratu ditu; zinegotzi bat gutxiago. EH Bilduk 59 boto gehiago izan ditu (638 boto, 2023an; 579 boto, 2019an), eta zinegotzi bat irabazi du: guztira bost zinegotzi. Bestalde, aipatu beharra dago Zamudio Burujabe alderdiak boto gehien jaso dituen laugarrena izan dela: guztira 72.

Lezaman ez da aldaketarik egon zinegotzi-kopuruari dagokionez: EAJk jarraituko du zortzi zinegotzi izaten; eta EH Bilduk, hiru zinegotzi. Hala ere, alderdi biek botoak galdu dituzte: EAJk 61 boto (885 boto, 2023an; eta 946 boto, 2019an); eta EH Bilduk, 50 boto (355 boto, 2023an; 405 boto, 2019an).

Larrabetzun ere zinegotzi-kopuru berari eutsi diote EH Bilduk eta EAJk: zazpi zinegotzi eta 4 zinegotzi, hurrenez hurren. EH Bilduk boto gehien jaso dituen alderdia izan da: 658 boto; baina boto gutxiago izan ditu aurreko hauteskundeen aldean: 70 boto hain zuzen. EAJk zortzi boto gutxiago jaso ditu (462, 2023an; 470 boto, 2019an).

 

Azkenik, EAJk Erandioko alkatetzan jarraituko du hurrengo agintaldian, baina zinegotzi bat galdu du: guztira zortzi zinegotzi eskuratu ditu (3.749 boto, 2023an; 4.528 boto, 2019). EH Bilduk, berriz, zinegotzi berri bat lortu du eta guztira sei zinegotzi ditu. PSE-EEk zinegotzi bat galdu du (lau zinegotzi) eta Elkarrekin Podemosek zinegotzi-kopuru berari eutsi dio: bi zinegotzi, hurrenez hurren; PPk zinegotzi bat eskuratu du. EH Bilduk 2.630 boto jaso ditu, aurreko hauteskundeetan baino 262 boto gehiago; PSE-EEk, 2196 boto (314 gutxiago); Elkarrekin Podemosek, 955 boto (417 gutxiago); eta PPk, 675 boto (216 boto gehiago).  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).