Ikuskizun biak Loraldia festibalaren baitan izango dira. Erresiñula kantari da Jean Mixel Bedaxagar kantariaren azken musika-lana. “Hiru hamarkada darama Zuberoako lurrari lotuz kantari eta hauxe da seigarren lana. Dantzari, txirula jotzaile eta kantari: ordena horretan garatu da artista gisa Bedaxagar eta gure ekialdeko ahozko tradizioaren ordezkari nagusietako bat bihurtu da”, idatzi dute festibalaren webgunean.
Bigarren ikuskizuna Iban Zalduari egindako eskaeraren emaitza da. “Eskatu diogu geroari begira jartzea eta horren ondorioz Bihar, atzo, gaur, bihar ipuin originala sortu du. Idazkia abiapuntua da ikuskizun hau ontzeko. Testu literarioarekin batera bi bertsolari (Alaia Martin eta Miren Artetxe), gai jartzaile bat (Amaia Agirre) eta musika talde bat (Ibil Bedi) arituko dira eszenan. Etorkizunari buruzko ipuin hau kate begi bat da orain arte Loraldiaren edizio guztietan lotu dugun amaiera ekinaldian. Bertan literatura, musika eta bertsolaritza uztartzen dira eta datorren geroari begira paratzen gara”.